Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Zaindu zeuen burua

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ez dakit, Martxelo, bizi izan dugun guztia bizi ondoren, zuk espero ote zenuen koronabirusaren krisiarekin gertatzen ari dena gertatzea. Nik neuk ez, egia esan. Bere garaian, egun jakin batzuetan, pentsatu nuen oso nekez bizi izango nuela ezer zirraragarriagorik: adibidez, Berlingo harresia erori zen gauean, New Yorkeko eta Washingtongo atentatuak izan ziren egunean, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen gauean...

Pentsatzen dut zuk ere izango duzula zeure zerrenda. Eta pentsatzen dut ni bezain harrituta eta zurtuta ibiliko zarela. Oraintxe, ezin irudikaturik nabil nola bukatuko den hau guztia; ez dakit nora garamatzan eta ez dakit zenbat sufrituko duen gure jendeak, mundu osoko jendeak berez, ezustean eta prestatu gabe harrapatu gaituen pandemia honen eraginez. Ez dakit, era berean, mundua zer-nola geratuko den gero. Beldur naiz autoritarismoak ez ote duen probetxu hartuko eta libertateetan atzera eginaraziko.

Gaurtik, hemen, Vilaweb-en, erredakzio kontseilu birtualak egiten ari gara: tresna bat jarri dugu abian hogei bat lagun nor bere etxetik aldi berean bideo baten bidez konektatzeko. Erabilgarria da; konpondu egin digu mundu guztia etxean geratzeko erabakiak sortutako arazoa. Gaur arratsaldean, ordea, nire ordenagailuko pantailatik erredakzio sakabanatuari begira, neure buruari galdetu diot, ezinbestean, zer mundutan bizi garen.

Argi dago, egia esan, gu eta gure lana garela arazoetan azkenak. Milaka lagun ari dira gaixotzen eta hiltzen, eta nik ikusi ere ez ditut egin nahi bidaltzen dizkidaten iragarpenak eta pronostikoak. Zera besterik ez dut espero: euste lanak funtzionatzea, jende guztia etxean geratzea, eta osasun arloan dabiltzanek kolapsorik ez edukitzea gainera datorkien lan oldearen eraginez. Eta orobat espero dut zuek, BERRIA-ko nire lagunok eta zuen herrikideak, ondo egotea. Zaindu, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.