Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Sant Jordi

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Sant Jordi eguna, Martxelo, ondotxo dakizunez, oso berezia da. Jendetza pilatzen da liburuak eta arrosak erostera, eta hori, negozio izugarria ez ezik, gure herrialdearen onenaren ikur ere bada. Festak baldin badira nortasun bereizgarri, Sant Jordi da bizilekutzat edukitzea gustatuko litzaidakeen herrialdea: adeitsua, delikatua, atsegina, goi begiratukoa, eta interesa duena munduan gertatzen den guztiaz eta horren berri ematen duen jendeaz.

Horregatik, bereziki gogorra izan da aurtengo Sant Jordi eguna. Konfinamenduak etxeko zuloan sartuta eduki gaitu, baliabide gutxi ditugula guretarrekin konpartitzeko. Baina, hala eta guztiz ere, iruditu zait hasia dela sumatzen aldaketa zantzuren bat, egun osoan nonahi igarri nituen keinu txikietan, detaile batzuetan. Iragarri nahiko baligute bezala jendea ohitu egin dela egoera berri honetako baldintzetara eta denok ere gogoeta egiten hasiak garela zer-nola aurkitu geure ni kolektiboa geure etxeko zokondotik.

Hala, jende askok erosi zituen liburuak. Batez ere, Llibreries Obertes egitasmoaren bidez: Omniumen proposamen digitala da, dozenaka liburu denda biltzen dituena. Nik neuk horietako lautan erosi nuen, Sant Jordi egun normal batean egingo nukeen moduan. Erosi, eta ordaindu; liburuen bila, berriz, joango naiz liburu dendak zabaltzen dituztenean. Eta ikustea beste hainbat jendek ere horixe egin zuela, ba, iruditu zitzaidan keinu ezinago ederra izan zela kulturaren munduari egina, eskuzabaltasun eta aitorpen hutsezkoa.

Baina ez zen izan detaile hori soilik. Milaka balkoitan, arrosak eta liburuak jarri zituzten apaingarri. Eta jendea moldatu zen, nola edo hala, noiznahi denoi gogorarazteko zer egunetan geunden. Nire kalean, lau eta erdietan, Txarangoren kanta bat aditu zen: talde horretakoek kontzertu bat egin ohi zuten urtero Sant Jordi egunean, Bartzelonako plazaren batean, beti ordu bertsuan eta modu erdi klandestinoan. Eta kanta amaitutakoan, auzokook txaloka eta oihuka hasi ginen. Eta iruditu zitzaidan huraxe zela modu bat, beste bat, erresistentzia suspertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.