Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Errepresioa

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Aste hau, lagun maiteok, errepresioak markatuta egon da oso. Ez bakarrik gurean. Ikusi dugu nola Guardia Zibila atxiloketa zalapartatsuak egiten hasi den berriz Euskal Herrian. Eta nola Galizian hastear den Jaro operazioa deiturikoaren epaiketa, mugimendu independentistetako zenbait militanteren kontra.

Gure kasuan, hala ere, zerbait berezia gertatu da, eta gogoeta egitera behartzen gaitu. Bartzelonako 25. zigor auzitegiko epaileak kargu guztietatik absolbitu du Tamara Carrasco. Ez dakit izen hori ezaguna egingo zaien irakurle euskaldunei eta galiziarrei, baina seguru ezaguna egingo zaiela gertatutakoa. Alemaniako justiziak Puigdemont presidentearen estradizioa ukatu eta egun batzuetara, neurriz kanpoko polizia operazio handi batean emakume bat atxilotu zuten Viladecansen, Tamara, CDRen lider izatea egotzita eta, hortaz, terrorismo, matxinada eta sedizio karguak leporatuta. Operazioa Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu zuen, gure herrialdeetan hain ondo ezagutzen dugun zulo beltz horrek.

Hori 2018ko apirilean gertatu zen. Urte horretako azaroan, Auzitegi Nazionala bera ere konturatu zen ez zeukala ezer esku artean; beraz, karguak arindu zizkion, eta desordena publikoaren delitua egotzi zion. Tamara Carrasco aske utzia zeukaten ordurako, baina bere hirian konfinatuta zegoen: ezin zen hortik atera. Maiatz bukaeran izan zuen handik irteteko aukera, egoera arraro horretan urtebete pasatu ondoren.

Azkenean, duela astebete, epaiketa egin zuten, eta sumindura handia eragin zuen. Esaterako, Guardia Zibila ez zen gai izan argitzeko nondik atera zuen Carrasco inputatzeko froga nagusia izandako Whatsapp mezua. Azken erabakian, epailea oso gogorra izan zen Guardia Zibilarekin: egindako guztia aurpegiratu zion, eta bertan behera utzi zituen Tamara Carrascoren aurkako akusazio guztiak; hala, kargu guztietatik erabat libre geratu da.

Baina nork ordainduko dizkio Carrascori urte hauetan guztietan izan dituen arazoak? Eta ez bakarrik izan dituen arazo judizialak: Espainiako komunikabideek CDRen lider terrorista gisa agertu dute behin eta berriz. Eta orain zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.