Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Trumpismoa

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ikusi dut, Maria eta Martxelo, aste honetan BERRIAk eta Nòs Diario-k ahalegin handia egin dutela irakurleei azaltzeko zertan den AEBetako hauteskunde prozesu surrealista, oraindik guztiz ebatzi gabea kronika hauek idazteko orduan. Munduko egunkari guztiok egin dugu gauza bera. Bi arrazoirengatik, nik uste.

Lehenik, ikuskizun paregabea delako. Politika interesatzen zaienentzat, liluragarria da AEBetako hauteskunde gaua bizitzea. AEBetako sistema politikoaren konplexutasunak eta, batez ere, komunikabideek hura azaltzeko duten moduak Hollywoodeko filmen kutsua du, esku artean duten edozeri yankiek soilik ematen dioten kutsu hori. Eta bukaeran izaten ari den suspenseak berretsi egiten du hori.

Bigarren arrazoia pisuzkoagoa da. AEBetako hauteskundeak ez dira munduko handienak, errekor hori Indiak baitauka, baina bai garrantzitsuenak. Ez bakarrik AEBen eragin politikoagatik, baita joerak bideratzen dituztelako ere. Bere garaian, Reaganek, Erresuma Batuan Thatcher zela, kapitalismo finantzarioa ekarri zuen, baita desarautze ekonomikoa ere, eta Sobietar Batasunari presio izugarria egin zion, izarretako gerraren harropuzkeria harekin besteak beste, azkenean kontrako superpotentzia suntsitzea lortu arte.

Eta, orain, trumpismoa ere ez zait gustatzen hitz hori, baina ulertzen didazue eredu berri bat zabaltzen ari da, autoritarioa baina herritarren babes handia duena, eta Europan ere oihartzuna izaten hasia dena.

Alde horretatik, eta epaitegietatik pasatu ondoren kontua nola amaituko den argitzeko zain, gauza bat argi eta garbi dago: presidenteak mespretxatu egiten ditu arauak. Demokraziaren araurik oinarrizkoenak; besteak beste, botoen zenbaketa eta boto guztiek axola dutela. Eta larria da.

Larria da, demokrazia bat ezin delako existitu alderdiek ez badute onartzen botere-oposizio jokoa eta ez badute ontzat jotzen besteak, legitimoki, irabaz dezakeela. Hori da, laburbilduz, lo egin ezinik pasatu ditugun gau hauetan hegaka dabilen gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.