Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ciudadanos

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ez nago seguru, baina uste dut munduko alderdi gutxitan edukiko dutela, inon baldin badaukate, Ciudadanosen pareko errusiar mendi politikoa. 2017ko abenduan, marketinaren bidez sortutako alderdi horrek irabazi zituen Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak, eta, hala, guztiz aldatu zuen bere soslaia, ordu arte alderdi txiki bat baitzen. 2019ko apirilean, Espainiara hedatzeko operazioa egin eta gero, Espainiako Kongresuko hirugarren indar bilakatu ziren: 57 diputatu eskuratu zituzten, PPtik oso hurbil, hark 66 baitzituen. Eta beste fronte bat ere ireki zuten, hirugarrena: aldarrika aurkeztu zuten Manuel Valls, haren aldeko apustu irmoa eginez, Bartzelonako udal hauteskundeetan nagusitu nahian. Europan, gainera, talde liberalean sartu ziren, Renew Europe izenekoan —hortxe dago EAJ oraindik, bide batez esanda—, eta, beraz, Albert Rivera aurrez aurre mintzatzen hasi zitzaion Macroni. Esan izan zen —mahai gainean dut prentsa ebakina artikulu hau idazten dudan bitartean— aldaketa historikoa eragingo zuela Espainiako Estatuan Riveraren presidentealdiak, «Europan behin betiko normalizatzea» ekarriko zuela Ciudadanos Moncloan sartzeak, eta «matxinada gazte eta urbanoa» deitu zioten Riveraren ibilbide ezin biziagoari. Badakizue, Maria eta Martxelo, literaturan dena kabitzen dela.

Edo ia dena. Errealitate ezin okerragoa baitute orain. Galbidean da Ciudadanos. Albert Riverak lidergoari buruzko ikastaroak ematen ditu, politikatik urrun —nik ez nuke izenik emango ikastaro horietan—. Eta Ciudadanosi geratzen zaizkion hautetsi gutxi horiek lasterka hasi dira beste alderdi batzuetara joateko edo norberarentzako beste irtenbide batzuk aurkitzeko, politikatik bizitzen segitzeko asmoz.

Orain dugun panoramak poz handia ematen dit, ez dut ukatuko. Ciudadanos Katalunian sortu zen, Espainiako alderdi nazionalista gisa, eta zilegi da aukera hori. Baina gorrotoa eta hitzezko bortizkeria sartu zituen politikan, baita bortizkeria fisikoa ere, gaueko bere piztien bitartez. Eta horrek ez du barkamenik, eta ez du izango. Jende makurra da, eta haien alderdia desagertzea berri ona da guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak