ZUZENDARIEN GALEUSCA

Murgiltzea

Vicent Partal.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Dakizuen bezala, Maria eta Martxelo, hizkuntza murgiltzea funtsezko gaia da Katalunian. Ez hizkuntzari dagozkion arrazoiengatik bakarrik, baita kohesio sozialari lotutakoengatik ere. Erran behar da, halere, murgiltze hori oker aplikatzen zela, batez ere bigarren hezkuntzan, eta Kataluniako Printzerrian bakarrik, Valentzian eta Balearretan ez baitzegoen murgiltze eredurik. Ipar Katalunian, berriz, bressolak dituzte: murgiltzea horietan aplikatzen da hobekien, baina ikasle guztien parte bat bertzerik ez dute hartzen, ez txikia.

Berriki izan den oldarraldi judizialak eskolen %25 gaztelaniaz ematera behartu ditu ikastetxeak, eta horrek asaldura handia eragin du herritarren artean; preseski, asaldura hori hainbat modutan azaleratu da egunotan. Hasteko, greba egin zuten hezkuntza arloan, eta, sindikatuen arabera, parte hartzea %40 izan zen. Ez dirudi anitz, baina kontuan hartu behar da aitzineko astean lau eguneko lanuztea egina zutela, eta jende andanak parte hartu zuela manifestazioetan.

Gobernua, bertzalde, krisia hasi zenetik ohi duenez, ez zen aritu egoerak eskatzen zuenmailan. Parlamentuan argazki bat ateratzen saiatu zen, bertzerik ez, baina hori ere ez zuen lortu. CUPek ez zuen agertu nahi izan argazkian, eta Juntsek kontseilari bat baizik ez zuen bidali. Ondotik, CUPek hezkuntza legea aldatzeko proposamen bat aurkeztu zuen, murgiltzea berriz ere babeste aldera, baina gobernuak ez zuen bat egin nahi izan.

Berririk interesgarriena, nolanahi ere, lehenbiziko epaiak kalte egindako gurasoek ekarri zuten, Canet de Mar herriko Turo del Bosc eskolakoek. Oroituko zaretenez, ikastetxe horretan hasi zen dena, familia batek eskolen %25 gaztelaniaz eman zedila eskatu zuelarik, gelako bertze guzien iritziaren aurka. Bada, hain zuzen, familiek egin dute gobernuak egin ez duena: salaketa bat aurkeztu dute, murgiltze eredura itzultzeko eskatuz, eta, beharrezkoa balitz, prest daude Europako auzitegietara jotzeko ere. 28 familiak jarri dute kereila, familia bakar batek jarritakoak kalte egin dielako.

Gobernua osatzen duten alderdiek ERCk eta Juntsek, jarrera horrekin erabateko kontrastea erakutsi, eta jakinarazi zuten azkenean hitzarmen bat egin dutela PSCrekin eta Catalunya en Comukoekin, Hizkuntza Politikako Legea aldatzeko eta, hala, gaztelaniaren presentzia irmoki ezartzeko irakaskuntzan, oraingo honetan legez. Irudikatuko duzuen gisan, erabakiak izugarrizko haserrea piztu du. Baina, egia erran, dugun gobernu independentista negargarri honek egiten duen deus ez zait harrigarri jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.