Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Khan Dragoia

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk, parke tematiko bat inauguratu zuten Bartzelonatik gertu, eta atrakzio batek gainerakoek baino arreta handiagoa eman zuen. Khan Dragoia izena zuen —ez dakit horrela idazten den—, eta kazetariok horrela deitzen genion orduko gobernuari, Pasqual Maragall buru zuen hiruko ezkerreko gobernuari, hain zuzen. Gogoan izango dituzue gobernu hark izandako gorabehera izugarriak; besteak beste, kargutik kendu zuten Josep Lluis Carod-Rovira, Jordi Puignerok orain arte zeukan postu beretik, ETArekin Perpinyan izandako elkarrizketa famatu haren ondoren. Ordutik, gauza asko gertatu dira, baina Kataluniako politika ia ez da mugitu ere egin Khan Dragoitik.

Espektakulurako gogoz daudelako, jakina. Independentzia prozesu bat abian jartzea ez da politika normala egitea, eta, horregatik, ezin espero daiteke baretasunik bidaia honen erdian. Behin, Italiako kazetari ospetsu batek esan zidan Kataluniako politika are akrobatikoagoa dela Italiakoa baino. Imajinatuko duzuen moduan, Maria eta Martxelo, harritu egin ninduen horrek.

Baina kontua da errealitatea burugogorra dela. Aste honetan, Kataluniako politikariek hankaz gora jarri dute dena berriro ere; izan ere, politika orokorreko eztabaidan, Juntsek eskatu du Aragones presidentea konfiantza arazo batera aurkeztu dadila. Presidenteak ez du ezer jakin nahi horri buruz, badakielako galdu egingo lukeela: ez CUPek, ez Juntsek, inbestidurako bi bazkideek, ez liokete botorik emango gaur egun.

Eta hemen gaude. Juntsek Aragones mehatxatu zuen konfiantza arazo batekin. Horri erantzunez, Aragonesek kargutik kendu zuen Puignero presidenteordea, Junts gobernutik joan zedin. Eta Junts, oraingoz, ez da joan. Presidenteari igandera arteko epea eman diote atzera egiteko, eta, bestela, militanteei dei egingo diete zer egin behar duten bozkatzeko.

Uste dut hurrengo astean azaldu ahal izango diedala BERRIA eta Nòs Diario egunkarien irakurleei nola bukatuko den Khan Dragoi berri hau. Oraingoz, hau da esan diezazuekedan bakarra: badirudi gauza batzuk ez direla aldatuko Iberiar penintsulako alde honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.