Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Garaipena

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Hauteskunde ziklo honetan, independentismoak hiru egiteko handi hartu ditu. Bata zen Espainiako hauteskundeetan eserlekuen erdietara hurbiltzen saiatzea, eta, ahal bazen, irabaztea lehen aldiz. Beste bat udal bozetan ahalik eta alkatetza gehien bereganatzea izango da. Eta azkena, berriz, Europakoak argi eta garbi irabaztea izango da, eta, ahal bada, botoen %50 gainditzea lehen aldiz.

Lehen helburua bete egin da. ERCk irabazi zituen joan den igandeko hauteskundeak, hamabost eserleku lortuta, eta, horiei Junts Per Catalunyaren zazpiak batuta, 22 dira, 2016an baino bost gehiago: beste bi baizik ez zaizkie falta izan eserlekuen erdiak lortzeko. Emaitza oso ona izan da, ezbairik gabe, nahiz eta izan den zoritxar bat ere: Front Republica azkenean ez dela sartu. Talde fresko eta berritzailea da, eta, ia baliabiderik ez duen arren, 113.000 boto bildu ditu. Beraz, independentismoak 1.600.000 boto lortu ditu guztira, Kataluniako bozetan baino milioi erdi gutxiago, baina Espainiako azken hauteskundeetan baino milioi erdi gehiago. Madrilgo bozak beti izan dira okerrenak independentismoarentzat, baina, honetara ezkero, badirudi jada ez dagoela mugarik. Garaipena lortzea posible da orain hauteskunde guztietan, eta albiste ezin hobea da hori.

Agian horrexegatik erantzun dio Espainiako Hauteskunde Batzordeak bozetako garaipenari horrela, debekua ezarriz Puigdemont presidentearen eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilarien Europarako hautagaitzari, zeina, itxura guztien arabera, irabazle ateratzeko hautagai nagusia baita. Oso argi uzten du nolako beldurra dion Espainiak boz horien emaitzari, independentismoak lehen aldiz herritarren erdien botoak baino gehiago lortzeari, eta, beraz, independentismoak bere buruari jarritako helburu guztiak betetzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.