Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Hizkuntzak

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Politikan, bizitzako esparru guztietan bezala, ondorioak dakartzate ekintzek; 155. artikuluaren operazioak, ezinbestean, intrantsigentzia espainolistarik zaharminduena piztu du berriro, eta hortxe dabil orain, bridagabe: aniztasunaren kontra, beti bezala.

Aste honetan hizkuntzei lotuta gertatu diren zenbait gauza, adibidez, artegagarriak izan dira. Uescan —halaxe idazten da aragoieraz—, udal iritsi berriak, nazionalista espainola izaki, aragoierazko hiri-izena kendu du hiri horren sarrerako kartel batzuetatik, eta hiri elebidun bat dela zioten testu batzuk ere bai. Asturiesko Parlamentuan, berriz, diputatu espainolistek ustezko eskubide bat asmatu dute: asturieraz ez jakiteko eskubidea, hain zuzen —pentsa zer gertatuko litzatekeen, Martxelo, zuk edo nik esango bagenu eskubidea dugula espainolez ez jakiteko—. Eta ez zuri eta ez BERRIAren irakurleei azaldu beharrik ez dago, baina, dakigun bezala, Nafarroan ere eskandalua piztu da, jakinarazi baitute ezen, Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, eremu euskaldun delako horretatik kanpo eginiko oposizioetan garrantzi txikiagoa duela lingua navarrorum izenekoa ezagutzeak ingelesez edo txineraz jakiteak baino.

Eta, gure herrialdean ere, ez pentsa, izan dugu eskandalurik; izan ere, Pedro Sanchezen gobernuak, Estatuaren abokatutzaren bitartez, Valentziako Generalitateari exijitu dio espainieraz izan dezala harremana Kataluniako Generalitatearekin eta Balearretako Gobernuarekin, eta ez katalanez, orain arte beti egin izan duten bezala. Valentziako Gobernuak, orduan, erantzun du ez duela asmorik halakorik egiteko, eta galdea egin du, gainera, zer demontre axola ote zaion Espainiako Gobernuari zer hizkuntzatan aritzen den bera beste autonomia erkidegorekin. Galdera logikoa da oso, eta erantzuna, are logikoagoa. Aste berean aragoieraren, asturieraren, euskararen eta katalanaren kontra egin badute, aniztasunaren kontra daudelako egin dute. Berriz diot: beti bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.