Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Itsukeria

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Nazioarteko prentsa guztia hasia da aho betean esaten zein negargarri jokatzen ari den Espainiako Gobernua koronabirusaren krisian. Nik bezain ongi dakizu, Martxelo, Madrilen bizi direla Espainiako Estatuan lan egiten duten nazioarteko berriemaile gehienak eta, normalean, poz-pozik egoten direla han bizitzea egokitu zaielako. Nik ezagutzen ditut aste honetako kronikarik latzenak sinatu dituzten horietako batzuk, eta ni neu ere harritu egin naute, are gehiago larritzeraino. Zer-nolakoa ez ote da izango Espainiako hiriburuko egoera, jende horren eskularrurik leunena ere ukabilka hasi baldin bada egun batetik bestera...

Xehetasun hori argudio moduan dakart hizpidera, azaltzeko ezen, nazioarteko prentsa idatziak argi eta garbi nabarmendua duelarik Espainiako Gobernuaren gaitasunik eza, harritu egiten nauela ikusteak jarrera batzuk nolako itsukeriaz defendatzen dituzten oraindik ere gobernuaren alderdietako zenbait politikarik eta militantek; halakoek edozeri heltzen diote, eta kapazak dira beste kolore bateko gobernu bati inolaz ere onartuko ez lizkioketen gauzak defendatzeko. Egunotan ikusi ahal izan dut, esaterako, nola Comuko zenbait feminista erradikalek defendatu dituzten bai Espainiako armada bera eta bai politikaren militarizazioa. Aurpegia berriz garbitu, eta berriro irakurri behar izan nuen albistea, eta halaxe zela egiaztatu.

Seguru asko, guztiok dugun arazo bat da, neurri batean, baina Espainiaren fanatismo politikoa izugarria eta ulertezina da. Badirudi politikari buruz ez baizik futbolaz hizketan ari direla, eta zu zeure taldekoa zarela, eta kito. Egiten duena egiten duela. Ai ikuskizun huts bat baino ez balitz oraintxe bizi ari garen hau! Baina ez da, ez. Eta ezin ulertu dut nola errealitatea bera ez den nahikoa batzuen batzuei begiak zabalarazteko. Errealitate latza bezain gaitza baita. Zaindu zeuen burua. Ez irten etxetik. Eta segi informazioa emanez Berria-n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.