Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Hiru ez

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aste honetan Espainiako Kongresuan larrialdi egoerari buruz egindako bozketan, berriz bateratu dira independentisten irizpideak. Hasieran, alderdi independentista guztiek abstentzioaren alde egin zuten; apirilaren 9an, CUPek ezetz bozkatzea erabaki zuen; Junts per Catalunya ere batu zitzaion hurrengo bozketan, apirilaren 22an; eta, azkenik, Esquerra Republicanak ere ezezkoaren alde egin du, ez barne tentsiorik gabe.

Pedro Sanchezi dagoeneko ez diote axola Esquerraren botoek, akordio egonkor bat lortu baitu Ciudadanosekin, eta pentsatzen dut Bartzelonako erara gobernatuko duela —gogoan izan, Martxelo, Comukoek alkatetza lapurtu ziotela ERCri Manuel Vallsekin ituna eginda—. Hala, biko gobernuak hirugarren zango parlamentario bat izango du, kanpotik babesa emango diona, eta Sanchez aurrerantzean ere kontzentratuta egongo da axola zaion gauza bakarra lortzeko: ahalik eta botere pertsonal gehien pilatzea. EAJk ere ez du hutsik egin, noski, baina ikusiko dugu, eta azalduko diguzu, ea maniobrak askorako balio izan duen. Izan ere, Sanchezek hitza bete beharko du, eta hori ez da batere erraza.

Edonola ere, botoek jada askorako balio ez duten arren, politikoki adierazgarria da Kataluniako alderdi independentista guztiek larrialdi egoerari aurre egitea, denek batera. Eta, alde horretatik, esan behar dizut Bilduren jarrerak harridura apur bat eragin duela hemen.

Datozen aste eta hilabeteetan, Sanchezen egoerak okerrera egingo du, dudarik gabe. Osasun arloaren kontrola galduta dago zeharo, eta krisi ekonomikoa ikaragarria izango da. Eta, politikoki, hilabete baino gutxiagoan, Espainiako buru sozialistak galdu egin ditu larrialdi egoerarako zeuzkan babes parlamentarioen erdiak eta Katalunia. Ufa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.