Atzeratu egin da, ez aldatu

Iñigo Bidondo patinatzaileak etxean segitzen du entrenatzen, Gasteizko Mercedeseko lanpostura noiz itzuliko den zain. Le Manseko 24 orduetan parte hartzekoa zen lehen aldiz.

Iñigo Bidondo talde baten buruan patinatzen. Duela bi urte itzuli zen errepidean patinatzera. CRISTINA BELDA.
ainara arratibel gascon
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiagatik ezarritako konfinamendua tarteko, kirolariek goitik behera aldatu behar izan dute egunerokoa, baita zituzten egutegiak eta helburuak ere. Iñigo Bidondo patinatzailea ez da salbuespena izan. Bere kirol ibilbidean beste mugarri bat ezartzeko prestatzen ari zen. Gorriz markatua zuen sasoiko helburua: Le Manseko 24 orduak. «Bakarrik egiteko asmoa nuen. Sekula ez dut hainbeste ordu erreskadan patinatu, eta erronka zen niretzat, bai fisikoki, baita psikologikoki ere».

Proba maiatz hasieran zen, baina bertan behar utzi zuten, eta ez du uste aurten jokatuko denik. «Gainera, nik ez dut aurrekontu handirik, eta ezinezkoa ikusten dut beste data batzuetan joatea. Entrenamendu aldetik ere ez litzateke berdina izango. Izan ere, otsailera bitarte bete-betean ari nintzen entrenatzen. Asteburuetan 4-5 orduko saioak egiten nituen geratu gabe, euria egin arren. Aurten ez dut neure burua ikusten berriz prestaketa hori egiten».

Gogor ari zen horretan. «Inoiz jokatu dudan lasterketarik gogorrena da. Gehienez 4-5 ordu aritu naiz patinatzen, eta hemen 24 ordu ziren. Ikusi nahi nuen neure gorputzak nola erantzuten zion halako proba bati». Ez jokatzea kolpea izan dela onartu du. «Azken batean, denboraldiko helburu nagusia hankaz gora jartzen zaizu, eta ziurgabetasun egoera honetan zure asmo guztiak aldatu behar dituzu. Ez da erraza, baina aurrera egin behar da. Izan ere, argi dago helburua atzeratu egin dela, baina ez aldatu. Ondo bidean, datorren urtean han izango naiz».

Espainiako Txapelketa zen sasoiko bigarren erronka nagusia. «Baina data berriaren arabera erabakiko dut bertan lehiatu edo ez». Berlingo Maratoian egoteko aukera gehiago ditu, irail amaieran. «Oraingoz antolatzaileek ez dute esan jokatuko ez denik, Alemanian egoera hobea baita. Baina ikusiko dugu, atletismoko probarekin batera jokatzen baita, eta bakarrik patinatzaileak 5.000-6.000 artean gara». Lasterketa horri begira xede bat du. «Azken bi urteetan zortzigarren postuan amaitu dut, eta hortik gora sailkatu nahiko nuke. Izan ere, iaz oso baldintza gogorretan korritu behar izan genuen: euri eta hotz handiarekin».

Helburu hori buruan, etxean entrenatzen da. Nahiz eta onartu duen ez dela gauza bera. «Gure kirolaren ezaugarriengatik, errepidera irtetean asko antzemango dugu. Patinen bibrazioetara ohitu beharko dugu berriro». Pentsatu izan du etxeko garajera jaitsi, eta buelta batzuk ematea patinekin. «Oraingoz ez dut egin, eta espero dut berandu baino lehen emango digutela kalean kirol apur bat egiteko modua.Ordubetez patinatzeko aukera izatearekin konforme nengoke». Etxean, saltoak dituzten ariketak egiten ditu, eta abdominalak sendo edukitzekoak. «Bizikletan ere ibiltzen naiz, arrabolaren gainean. Hautsak hartua zegoen, baina konfinamendua hasi zenetik asko erabiltzen dut». Ordu eta erdi inguruko saioak egiten ditu: «Iraupen ahalmenari eusteko, eta hanketako giharretako indarra ez galtzeko beharrezkoa da». Azken batean «denboraldi-aurre moduko bat» egiten ari da, helburu argi batekin. «Giharretako masa ez galtzea da nire lehentasuna, horrek ematen baitigu potentzia patinatzeko».

Itzultzean horren aerobikoak ez diren ariketak egin beharko dituzte. «Serie motzak eta intentsitate handikoak, abiadura puntua eta potentzia berreskuratzeko, hori baita maratoien gakoa. Erritmo aldaketak lantzea ere oso inportantea da, probetan gure arteko erasoak etengabeak batira».

Patinatzearen kostua

2018ko Pyeongchangeko Neguko Olinpiar Jokoetarako ez sailkatu ostean utzi zuen izotz pista Bidondok, eta errepidean patinatzen hasi zen berriz. «Ez dut izotzera bueltatzea baztertzen; bihotzak hori eskatzen dit. Baina nahiko utzia dut, eta bueltatzekotan oso zaila da goi mailan izatea».

Babesleak eta laguntzak lortzeko zailtasunak dira erabaki hori hartzeko arrazoietako bat.Are gehiago egoera honetan. Bestalde, kirola lanarekin uztartzeko errazagoa da errepidean aritzea. «Burua erabili behar dut, eta etorkizunean pentsatu. Gainera, ni errepidean hasi nintzen patinatzen, eta uste dut hor hobea naizela».

Bidondok laguntzak eta babesa eskatu ditu hainbeste oihartzun ez duten kirolentzat. Berak dituen gastuak azaldu ditu segidan. Bidaiez eta proben izen emateez harago, patinak daude. «Bereziak dira, neurrira egindakoak». Garestiena botak dira. «700-1.000 euro balio dute; gidek 200-500 euro artean; gurpilek beste 200; eta errodamenduak 50 eurotik hasi eta 1.000 euro artekoak daude». Botaren oinarria mantendu egiten da. «Berritzeko aldatzen dena barruko edo kanpoko azala dira. 200-400 artean balio du. Zortzi urteren ostean, nik aurten kanbiatu ditut». Baina gastu handiena gurpiletan dute. «Hiru bat maratoi irauten dute». Izotzezkoak kontuan hartuta, sei-zazpi ditu erabiltzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.