Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Perpinya

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Datorren larunbatean, Ipar Kataluniako hiriburuan inoiz egin den manifestaziorik handiena egingo da. 70.000-100.000 pertsona joatea espero da, eta erraza da ohartzea kopuru hori ohiz kanpokoa dela 120.000 biztanleko hiri batentzat.

Errepublikaren Aldeko Kontseiluak egin du deialdia; Puigdemont presidentea eta Comin eta Ponsati kontseilariak Kataluniara itzuliko dira, orain eurodiputatu izanik eta, hortaz, Espainiak ez beste herrialde kide guztiek aitortzen dieten immunitatea baliatuta.

Manifestazioa ospakizun gisa planteatu dute. Kataluniako gobernu legitimoak hilabeteak daramatza Espainiako Gobernuarekin borroka zail batean sartuta Europan. Eta, oraingoz, beti irabazi du. Belgikako auzitegiak, Suitzakoak eta Eskoziakoak atzera bota dituzte Espainiako auzitegiek bidalitako euroagindu guztiak, eta Alemaniakoak errugabetzat jo zuen Puigdemont, Espainiak haren kontra jarritako matxinada eta sedizio akusazioetan. Gainera, lortu dute europarlamentuak bertan behera uztea haiei eurodiputatu izatea eragozteko zuen asmoa. Eta borroka ez da bukatu oraindik.

Alde horretatik, Perpinyakoa ospakizun bat izango da, baina neurri batean bakarrik. Kemena berritzeko balioko dio jende askori. Hegoaldean, alderdi independentistak ero moduan elkarren arteko borrokan murgilduta daudenez, desordena eta nahasmendua dira nagusi, eta horrek kontrastea egiten du erbestearen ausardia eta zehaztasunarekin. Eta batasunarekin. Puigdemont lehengo Convergenciatik dator; Comin, Esquerratik; eta Ponsati, urrunagotik. Baina, haien arteko desadostasunak gorabehera, bat egiten dute hori denean onena independentzia prozesuarentzat. Uste dut Perpinya beteko dutenek, iparraldekoek eta hegoaldekoek, aitortuko dietela eskuzabaltasun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.