Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Altsasu baten bila

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak hamalau gazte valentziar atxilotu ditu Pegon, Marina eskualdean. Denak aske daude, baina haietako bati gorroto delitua leporatu diote. Gertakariak urriaren 18koak dira: egun hartan, nazi talde bat iritsi zen herrira, futbol partida bat ikustera. Marina eskualdea bereziki nazionalista eta ezkertiarra da, eta naziak bertaratzea inondik ere ez zen kasualitatea izan. Orduak pasatu zituzten probokatzen, harik eta hainbat gazte taldek erreakzionatu zuten arte, partida bukatutakoan naziak futbol zelaian zokoratuta. Guardia Zibila haiek ateratzera joan zen, eta gero gazteak identifikatzen eta atxilotzen ibili zen egun batzuetan; are gehiago: haietako bati gorroto delitua leporatu dio. Gorroto delitua nazien aurka! Bitxia da, edo ez, Guardia Zibilaren txostenak ez egitea inolako aipamenik ultraeskuinaren probokazioei, nahiz eta bandera svastikadunak ere erakutsi zituzten.

Egun batzuk lehenago, Guardia Zibilak gorroto delitua egiteagatik inputatu zituen Valentziako Benimaclet auzoko hiru gazte, protestan jardun zirenak ultraeskuinak urriaren 12aren harira antolatutako manifestazio baten aurka. Gazte haiek hiru egun egon ziren atxilotuta. Marina Valentziako eskualderik nazionalistenetako bat da, eta esan daiteke Benimaclet Valentzia hiriko auzorik nazionalistena dela. Hortaz, gertakari horiek, bata bestearen parean ikusita, eredu bat osatzen dute pixkanaka. Benimacletera ere iritsi zen faxista talde bat, eta Espainiako banderak astinduz eta militarren formazioan gurutzatu zuten auzoa; bien bitartean, balkoietan eta kalean bertan, bizilagunek protesta egin zuten ultraeskuindarrak han zeudelako, Poliziak baimenduta eta babestuta. Eta, berriz ere, faxistarik ez zuten atxilotu.

Kezkagarria da hori guztia, ematen baitu baten bat Valentzian Altsasukoa bezalako zerbait sortu nahian dabilela; herrialdearen parte horri eskarmentua emango dion egoera bat, eskuin muturrak eta Guardia Zibilak piztua. Kointzidentzia gehiegi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.