Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hauteskundeak bertan behera

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bertan behera geratu dira Katalunian otsailaren 14an egitekoak ziren hauteskundeak; argudiatu dute ezin direla egin pandemia dela eta. Funtsean, arriskutsuak izan daitezkeelako osasun aldetik, beldur direlako abstentzioa ez ote den oso handia izango, eta ez dakitelako zer egin positiboekin eta kutsatuekin, teorian botoa eman ezingo luketen horiekin. Azken argudio hori da garrantzitsuena, nire iritziz, eta lehen ere eztabaida handia izan zen horretaz Galizian; izan ere, ezinago arriskutsua da baldintza bat bete behar izatea botoa eman ahal izateko, eta aski ez izatea herritarra izatea.

Eztabaida handi bat izan dute erabakia hartu aurretik; batik bat, PSOE tematuta zegoelako hauteskundeak egin egin behar zirela. Eta kontu horrek galdera bat sortzen du: ea Espainiako justizia, hain politizatua, kapaza izango ote den hauteskundeak eginarazteko. Gainerako alderdiak, gutxi gorabehera, ados daude. Batzuek, Juntsekoek adibidez, uste dute egin litezkeela, baina ez daude erabakiaren kontra; CUPekoen ustez, berriz, hauteskundeak ez dira egin behar, baina bat datoz adostasunez hartu behar dela erabakia.

Eta horrek agerian jartzen du Espainiako Gobernuaren eta sozialisten burugabekeria. PSCk kalkulatuta zeukan zer-nolako eragina izango zuen Salvador Illa hautagai aurkezteak, irudi kolpe horren oihartzuna hauteskundeak egin eta segituan amaituko zelakoan. Eta, orain, beldur da ea hauteskundeak maiatzean eginez gero Illa efektua ez ote den egongo guztiz itzalita ordurako.

Kontuan izanik jaun hori Osasun ministroa dela, egiaz ulergaitza da hark ez hartzea aintzakotzat hauteskunde deialdi horrek arrisku nabarmena dakarrela osasun aldetik. Hori, ordea, beste adibide bat baino ez da, hain zuzen, erakusten duena nola jokatu duen Pedro Sanchezen gobernuak, beti politika eta alderdia buruan, eta ez osasuna. Lehenik, militarismo barregarri eta eragingabe hura baliatuz; gero, arazoak autonomietara lekualdatuz; eta, orain, hauteskundeen kontuan.

Bukatzeko, bada gogoan hartu beharreko beste datu bat ere. Zuen herrialdeetan gertatu zenaz bestera, hemen oraindik ez da amaitu legegintzaldia. Hauteskundeak ditugu Espainiako justiziak Generalitateko presidentea eraistea erabaki zuelako. Pandemia gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.