Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zatiketa

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Galdera egin duzu, Martxelo, independentismoaren zatiketari buruz. Handia da zatiketa, baina, argitu beharra dago ez dutela inondik ere berdin bizi alderdietako militanteek eta herritarrek oro har.

Alderdien barruan itogarri dago giroa, batez ere Junts Per Catalunyan, Esquerran, CUPen eta PDeCATen. Pena eta lastima da hainbesteko indarra xahutzea aldameneko kideari erasotzen: nori-eta, ondo gogoan izango duzun bezala, Via Catalanan eta Urriaren Lehenean arazorik gabe eskua luzatu zioten kide horri berari. Zoritxarrez, azkenerako hegemonia lortzeko borroka esaten zaion horrek bazter utzarazi du independentziaren aldeko borroka hala zirkulu antolatuetan nola instituzioetan.

Kalean, berriz, ez dut ikusten halako zatiketarik. Kalekoak txundituta eta penatuta ari zaizkio begira gertatzen ari denari, baina bereari kasu eginez hala ere. Isilean ari dira egoera aztertzen, eta, alde horretatik, oso interesgarria izango da ikustea zer emaitza ateratzen diren otsailaren 14ko hauteskundeetan, zeren, beharbada, ez dakit, argazkiak ez baitu izango azken hilabeteetan hedabideak eta politika instituzionala hedatzen ari diren argazkiaren antz handirik.Nik aspaldi proposatu nuen, egoera ulertze aldera, independentziarako bi bide aztertzea: erreformista bata eta apurtzailea bestea. Eta uste dut kontzeptuak balio duela ulertzeko non dagoen indar bakoitza eta zergatik proposatzen duen proposatzen duena. Erreformistek, hau da, Esquerrak baina baita PDeCATek ere, indar handiagoa bildu nahi dute, 2017an bezalako istilurik izan ez dadin kalean berriz, Espainiako politika aldatzeko modua bilatuz. Apurtzaileek, berriz, JxCk eta CUPek funtsean, uste dute zuzeneko enfrentamenduan aritu daitezkeela Espainiarekin, gero eta ahulago baitago fronte guztietan, eta ez baitzaie iruditzen posible denik hura aldatzea.

Nire iritziz, bi jarrerak dira arrazionalak, eta baliozkoak moral aldetik. Beti esan izan dut argi ez dudala uste Espainia erreformatu daitekeenik, baina onartzen dut independentismoaren parte batek hori posible dela pentsatzea. Pena honexek ematen dit: besteari entzun ezin horrek, irainek eta deskalifikazioek; ez baitiote batere laguntzen proiektu komunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.