Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

PP

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeek mugarri bat ezarriko dute Espainiako politikan. Badirudi espainolismo ultrak azkenean aurkitu duela mende hasieratik bila dabilen palanka hori, eta susmoa dut aurrerantzean erasora joko duela, eta horretarako prest egon beharko dugula. Besteok.

Ayusok izandako arrakasta eztabaidaezina da, baina badago ñabardura bat hizpidera ekar dezakeguna eta ekarri behar duguna: Pedro Sanchezen jokaera ezin txarragoa. Izan ere, Sanchezek aukera historiko bat huts egin du, eta alferrik galdu du egokiera ezin aproposago bat.

Hura agintera iritsi zenean, hiru zirkunstantziak modua eman zezaketen estatuan benetako aldaketa bat planteatzeko. Batetik, Kataluniako krisiak eta ETAren amaierak erakutsi zuten ezin zela gehiago atzeratu lurralde erreforma. Bestetik, monarkiaren krisiak bide ematen zuen, gutxienez, konstituzioan erreforma bat egiteko. Baina, batez ere, Rajoy eta PP ustelkeriaz inguratuta hondoratu izanak inoiz ez bezalako aukera bat ematen zion. PP ez zegoen oposizio handirik egiteko moduan.

Eta, hala eta guztiz ere, Pedro Sanchezek ez du ezer egin. Are: sendotu egin du estatuaren noraez autoritarioa; horren erakusgarri dira pandemiaren lehen hilabeteetan egindako kudeaketa militarista eta beste zenbait jokabide penagarri. Eta, hala, PPri modua eman dio indarberritzeko, eta Voxi, egonkortzeko.

Eta, alde horretatik, arrunt gogorra da Ayuso eta Casado Genovako balkoi famatuan garaipena ospatzen ikustea. PPk salgai jarria zuen eraikina, dirua behar zuelako, baina baita ustelkeriaz jositako iragan horretatik aldendu nahi zuelako ere. Genova ixteak, hortaz, kolpe gogorra eman behar zion PPren irudiari. Baina hortxe daude garaipenaren irudiak, espero gabeko opari baten moduan. Betiko egoitzan egindako azken festa azkenetan zegoen alderdi batentzat, zeinari ezkerrak, segur aski munduko ezkerrik baldarrenak, beste bizitza bat oparitu baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.