Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

155.aren aurreko egoerara itzuli

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Joan den astelehenean Espainiako justiziak beste belarrondoko bat hartu zuen, Sassariko auzitegiak ukatu egin baitzion Espainiari Puigdemont presidentea estraditatzea. Carles Puigdemont, gainera, Clara Ponsati eta Toni Comin lagun zituela iritsi zen Sardiniara. Hori ikusirik, Llanerak berehala eskatu zuen beste bi eurodiputatuak ere atxilotzeko eta entregatzeko. Italiako Polizia ez zen saiatu ere egin haiek atxilotzen.

Interesgarriena, hala ere, gero etorri zen, prentsaurrekoan. Puigdemontek gai bat ekarri zuen hizpidera, eta ezustean harrapatu zituen guztiak. Helburu bat proposatu zuen: 155.aren aurreko egoerara itzultzea: 2017ko urrira itzultzearen parekoa litzateke hori.

Ez zen argi geratu ea planteamendua hertsiki politikoa zen, edo, zirudienez, ea proposamenaren helburua izango ote den auzia Europako auzitegietan eztabaidatzea, orain arte izandako borrokaren jarraipen bat balitz bezala. Baina badirudi arrazoibide horren arabera are gehiago aldarrikatu behar litzatekeela katalanek —euskal herritarrek eta galiziarrek bezalaxe— eskubide batzuk ditugula europar gisa, eta, halaber, Europako justiziak besteen gainetik egon behar lukeela.

Badira bi aurrekari. Bata: Alemaniako auzitegiek argi utzia dute 2017ko egintzak ezin direla hartu ez matxinadatzat eta ez sediziotzat, eta normaltasun baten barruan sartzen direla; azken batean, negoziazio politiko baten bidez konpondu beharrekoa kontua dela. Bestea: Belgikako justiziak argi utzia du berez ez dagokiola Auzitegi Gorenari urriaren 1ean zer gertatu zen ulertzea.

Europako Justizia Auzitegiak ere hori onartuz gero, errepresioaren eraginak indargabetu egingo lirateke modu automatikoan. Kataluniako prozesuko buruzagien epaiketa legez kanpokoa izango litzateke, argi eta garbi. Baina zer gertatuko litzateke 155.aren ondorio politikoekin? Ezer ez baldin bazen izan legez kanpokoa, ez al luke zentzurik izango abiaburura itzultzeak, behin Espainiaren tesiak gainditurik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.