Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

32 familia

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Epaitegiek Kataluniako murgiltze eredua porrokatu zutenetik, egun izugarri tirabiratsuak bizi izan ditugu, eta ez dirudi kontua lasaituko denik. PSOE ikasgeletan gaztelania gehiago erabiltzearen alde agertu da hala Kataluniako Parlamentuan, nola Espainiakoan, eta, beraz, baztertu egin du orain arte jokatu izan duen rola. Eta eskuina erotu egin da, zinez erotu.

PPko, Ciutadanseko eta Voxeko zenbait diputatuk astakeria itxuragabeak erran dituzte: haien kontrako apartheid bat dagoela Katalunian; Rosa Parksen parekoa dela Caneteko haurra, ikaskideak behartu dituena eskolen %25 gaztelaniaz egin zitezen onartzera, eta, sinestezina dirudien arren, Canet «katalanismoaren Ermua» dela; Martxelo, pentsatzen dut baieztapen hori ezin harrigarriagoa irudituko zaizuela zuen herrialdean.

Iskanbila espainolistak gorgarria dirudi; hainbertzeraino, non iruditzen baitzait beren funts eskasa ezkutatzeko dabiltzala oihuka. Ahantzi zaie, adibidez, Justizia Auzitegi Nagusiak Caneteko ikasgela horren inguruan eman duen epaiak urratu egiten duela Kataluniako Parlamentuak onartutako Hezkuntza Legea, zeina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berretsi baitzuen legeari helegitea jarri ziotenean. Ez dute gogoan Caneteko ikasgelako 25 familietatik 22k manifestu bat sinatu dutela murgiltze ereduaren alde: horrek, gainera, ezin argiago erakusten du familia bakar baten borondatea inposatu zaiela bertze guziei.

Nolanahi ere, daturik harrigarriena eta txundigarriena hauxe da: estatuaren botere guzia alde izanda ere, erretorika esajeratu horrekin herrialdea suminduta ere, espainolismoak ez ditu lortu nahi dituen fruituak. Hezkuntza Departamentuak ez du eskolen %25 gaztelaniaz egiteko eskatu duen bertze inoren aditzerik. Elkarte espainolistek, ordea, baieztatu dute 32 familiak egina dutela eskaera. Ikusiko dugu egia ote den, baina, edozein moduz, kopuru hori dagokion neurrira ekarri behar da. Estatistika ofizialen arabera, Katalunian ia milioi bat ikasle daude Lehen Hezkuntzan. Eta, egia errateko, halako unibertso batean, 32 ez dira deus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.