Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Parlamentua, lotsagorrituta

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Aste politiko honetan, parlamentuaren baimen berezia deritzona izan da gai nagusia Katalunian. Eskandalu izugarri horrek lotsagarri utzi ditu politikari guztiak.

Joan den igandean hasi zen guztia: Ara egunkariak bederatzi hilabetez landutako informazio aparta argitaratu zuen. Informazio horren arabera, Kataluniako Parlamentuak urtero 1,7 milioi euro ordaintzen dizkie lanean ari ez diren eta 60 urte baino gehiago dituzten funtzionarioei.

2008ko akordio baten arabera —presidentea ERCko Ernest Benach zenean hitzartu zen—, parlamentuko funtzionarioek aukera zuten baimen berezi bat lortzeko, eta, horri esker, bost urtez soldata osoa kobra zezaketen lan egin beharrik gabe, hirurtekoak barne, eta kotizazioa ganberaren esku zela. Adibidez, gaur egun, bi idazkari nagusi ohik 10.000 euro kobratzen dituzte hilean, lanik egin gabe, eta telefonista batzuek 4.000 euro kobratzen dituzte hilean, lanik egin gabe horiek ere.

Eskandalua sekulakoa izan da, bereziki politikarien erreakzioagatik. Benach bere burua zuritzen saiatu da, esanez gaur egungo egoera ez dela 2008koa, garai hartan halako pribilegioak ematea zuzena izan balitz bezala. Gero, alderdi guztiak iskanbilan hasi dira, elkar salatzen, eta itxurak egiten, ezer jakingo ez balute bezala. Etekina ateratzeko.

Asteazkenean, Vilaweb-ek beste informazio bat argitaratu zuen, ikerketa propio bat. Ikerketa horretan, baieztatu dute 2017an Kataluniako Parlamentuko alderdi politiko guztiak, bai PP, bai CUP eta bai beste guztiak, ados jarri zirela baimen berezi horiek onartzeko. Bere garaian, egungo presidente Laura Borrasek gestio batzuk egin zituen diru sail hori aldatzeko edo ezabatzeko, eta, kaleko presioa ikusita, parlamentuko mahaiak azkenean onartu egin behar izan du pribilegio horiek onartezinak direla eta kendu egin behar dituztela.

Azken finean, ordea, istorio triste honek agerian utzi du politikariak zenbateraino ez diren jabetzen pribilegioen mundu batean bizi direla, eta zenbateraino ez diren jabetzen zer urrun dauden jende arruntaren, kaleko jendearen kezketatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.