Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Subiranotasun musikala

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Alacanteko Unibertsitateak oso liburu interesgarria argitaratu berri du, Vicent Torrentek idatzia: Sobirania musical. Al Tall taldeko burua da Torrent, eta egitasmo ugari antolatu izan ditu Valentziako eta oro har Herrialde Katalanetako musika tradizionala berreskuratzeko asmoz.

Liburuan, erro tradizionaleko musikaren garrantzia azpimarratzen du Torrentek, eta azaltzen du zenbaterainoko eragina izan duen gure herrialdeetan musika hori berreskuratu eta modernizatu izanak. Batetik, galzorian zeuden zenbait instrumentu errekuperatzeaz hitz egiten du: nola batzuk gaur egun ezagunak diren eta asko erabiltzen diren; dultzaina valentziarra, adibidez. Bestetik, zenbait formatu tradizional eguneratzeaz ari da: kantuak eta hitzak gaur egunera ekartzeaz, baliozkoak eta funtzionalak izan daitezen.

Vicent Torrentek, Maria eta Martxelo, musikarien Galeusca ahaztezin bat antolatu zuen garai batean Milladoirorekin eta Oskorrirekin batera; hain zuzen, bi talde horiek funtsezkoak dira zuen herrialdeetan. Kontzertu asko eman zituzten elkarrekin: gure hiru kulturen berri eman ziguten, eta haietaz gozarazi. Gainera, Torrentek kanta guztiz mitikoak sortu ditu bere ibilbide luzean, eta betiko izango ditugu gogoan. Tio Canya da haietako bat: katalan hizkuntza aldarrikatzen du, eta, sortu zenetik ia 50 urte pasatu diren honetan, oraindik ere arnasa betean kantatzen dute gazteek, kantatu zuten lehenengoen bilobek hain justu.

Edonola ere, batzuetan iruditzen zait kultura gisa ez dugula behar bezain ondo ulertu zenbateko balioa —are balio politikoa— duen erro tradizionaleko musikaren fenomeno garrantzitsu horrek, hura berreskuratzeko proposamenak eta hura eguneratzeak. Horregatik da bereziki interesgarria Vicent Torrenten liburua: oinarri teoriko sendoa ematen diolako gaiari, eta gogoeta sakona egiten duelako, oso argigarria. Izenburutik bertatik hasita. Izan ere, subiranotasun musikala aipatze hutsarekin gauza asko esaten dira, soilik bi hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.