Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Psikologia

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ezaguna duzu, Martxelo, aspaldiko tesi diplomatiko hura: boterea gehienbat psikologia kontua dela dioena, gailentzen jakitea. Hori hala bada, badirudi gauzak onerako aldatzen ari direla Katalunian. Badirudi orain gauzak beren onera etortzen ari direla, zenbait keinu, erabaki eta adierazpen direla medio, jendeari berriro konfiantza pizteraino.

Keinu horietako batzuk dira, besteak beste, bat-batean sei kanpo ordezkaritza irekitzea berriro, edota Diplocat erakunde diplomatiko publikoa abiaraztea berriro, Soraya Saezek burlaizez «li-ki-da-zi-o-an» zegoela esan zuen huraxe... Diplocat, jende askorentzat, sinbolo bat da, Espainiako presidenteorde izandakoaren prepotentzia hark min handia egin baitzuen, eta, orain, oso pozgarria da hura berriro martxan ikustea eta Saez bera izatea «li-ki-da-zi-o-an» dagoena. Antzera gertatu da Washingtongo jardunaldien inaugurazio ekitaldiko gorabehera horretan ere. Espainiak presio egin zuen Katalunia ez zedin izan, Armeniarekin batean, herrialde gonbidatua; baina lortu ez zutenez, Espainiako enbaxadoreak istilu ederra sortu zuen afari ofizialean; azkenean, hura hantxe bakarrik utzita alde egin zuen Kataluniaren ordezkaritzak. Ezin zitzaien hobeto azaldu Washingtonen, hiriko jenderik garrantzitsuenaren aurrean, gatazka handi bat dagoela Espainiaren eta Kataluniaren artean.

Azkenik, bada beste elementu bat ere tonu aldaketa horri bide eman diona: 20-S dokumentala proiektatu izana, zeinak agerian uzten baitu gezur biribila izan direla Jordi bien kontrako akusazioak. Dokumentala ikus dezaten gomendatzen diet BERRIAren irakurleei, oraindik ere ikusgai egongo baita aste osoan www.ccma.cat-en;ez dut uste katalan askorik jakin behar denik ongi ulertzeko zer dioen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.