Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Ganberak

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Aste honetan, hauteskundeak egin dituzte Kataluniako zenbait merkataritza ganberatan; bereziki, Bartzelonakoan. Bartzelonako Merkataritza ganbera pisu handiko erakunde bat da hiriko eta herrialdeko bizimoduan. Batetik, erakunde ofizial ugaritan izenda ditzakeelako ordezkariak: hasi kaiko eta aireportukoetan, eta buka Bartzelonako Azokan; baita Espainiako Gobernua-Generalitatea batzorde aldebikoan ere. Merkataritza Ganberak badu ordezkari rol garrantzitsu bat ere. Haren txostenak eta jarrerak enpresarien ahotsaren ordezkaritzat hartu izan dira, tradizioz. Independentzia aldarrikatu zen bitartean, kontrako rol erabakigarria bete zuen. Adibide bat ematearren, Pedro Sanchezek bere gobernua Bartzelonan bildu zuelarik —155.ak beharturiko hauteskundeetatik urtebetera, doi-doi—, Merkataritza Ganberan soilik egin ahal izan zuen bilera, zeinak bere egoitza luxuzkoa eskaini baitzion berehala.

Lurrikara bat izan dira hauteskundeak. ANCk hautagaitza independentista bat sortua zuen, instituzioan aldaketa bat eginarazteko asmoz, eta emaitza ikusgarria izan da, soil esanda. Cambres: Eines de Pais hautagaitzak, hain zuzen, bozkatzekoak ziren 40 aulkietatik 32 lortu zituen, eta gainerako zortzietatik sei ere hurbil ditu. Horiez gain, beste 20 aulki daude adjudikatuta edo nolabait erosita, eta baliteke horietatik hiruzpalau gehitu ahal izatea gehiengo independentistari; baina, nolanahi ere, ezin eztabaidatuzkoa izan da garaipena: hainbeste, non Kataluniako gizartea inarrosi baitu, eta, batik bat, botere ekonomikoa. Oraingo honetan, ezin esango dute enpresariak independentziaren kontra daudenik, eta aurrerantzean ere nekez aldeztu ahal izango da antzeko tesirik. Halere, aurrez ikusteko modukoa zenez, hautagaitza ofizialistak —40 aulkietatik 3 baino ez zituen lortu— mehatxu egin du auzitara joko duela emaitza baliogabetzeko. Ea zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.