Lointek Gernika-Tenerife eta IDK-Valentzia, Espainiako Kopan

ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Martxoaren 4tik 7ra jokatuko da Espainiako Kopa Valentzian,eta Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek, badakite zein aurkari izango dituzten aurrean final-laurdenetan. Bizkaitarrei, zerrendaburu izanik, aurkari samurragoa egokitu zaie: Teneriferen kontra jokatuko dute. IDK-k, berriz, etxeko taldea izango du kontrario: Valentzia, Perfumerias Avenida eta Gironarekin batera ligako sailkapenaren puntan dagoen taldea. Perfumerias Avenida-Ensino eta Girona-Estudiantes dira final-laurdenetako beste bi kanporaketak.

Martxoaren 5ean jokatuko dituzte final-laurdenetako neurketak, ostiralez. Gernika ariko da aurrena, 17:30ean, eta IDK, ondoren, 20:30ean. Irabaziko balute, finalerdietan elkarren aurka jokatuko lukete bi euskal taldeek. Finalerdi hori martxoaren 6ean jokatuko litzateke, 16:30ean. Behintzat, ustez faboritoak diren bi taldeak saihestea lortu dute finalera arte: Perfumerias Avenida eta Girona.

Itziar Ariztimuño Gernikako jokalariak honela aztertu zuen kanporaketa: «Partida gogorra eta luzea izango da. 40 minutuetan oso adi egon beharko dugu. Haiek batez ere erasoan oso talde indartsua dira». Antzera mintzatu zen Mario Lopez entrenatzailea: «Tenerife oso talde orekatua da, esperientzia handia duena. Partida zaila izango da»

Bitan neurtu dituzte indarrak denboraldi honetan. Ligan, Malosten, Gernikak nagusitasunez irabazi zuen: 85-62. Eurokopako multzoko fasean ere jokatu zuten elkarren aurka, eta espainiarrentzat izan zen garaipena: 60-61. Valentzian jokatu zuten, burbuila moduan. Galdu arren, bizkaitarrek egin zuten aurrera, multzoko bigarren.

IDK-ren kasuan, behin jokatu du Valentziaren kontra. Herrialde Katalanetako taldeak irabazi zuen Gaskan: 58-64. Donostiarrek galdutako baloiak eta Valentziak errebotean izandako nagusitasunak erabaki zuen lehia. «Bagenekien zerrendaburu ez izanda, egokituko zitzaigun aurkaria gogorra izango zela. Baina ilusio handiz helduko diogu Valentziaren kontrako partidari. Barruko jokoan ondo moldatuz gero, gure aukerak izan ditzakegula uste dut», adierazi zuen Azu Muguruzak. Lara Gonzalez jokalariaren arabera, gogoz daude halako txapelketa batean «aurrerapauso bat» emateko. «Zeharo motibatuta gaude, eta Kopa iristeko irrikaz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.