Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Aste zinez zalapartatsua

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Aste zinez zalapartatsua izan dugu, Martxelo eta Maria, bai Katalunian eta bai Espainiako Estatuan. Hemen, Hauteskunde Batzordeak Pau Juvilla CUPeko diputatua kargutik botatzea erabaki izanak sumina piztu du, baina baita alderdien arteko bereizketa tamalgarria ere, jada hain ohikoa. Artikulu hau idazten ari naizen tenorean, auzia ez da guztiz ebatzia oraindik, baina iruditzen zait kontua gaizki bukatuko dela, eta, hondarrean, parlamentuak kanpoko esku hartze larri bat onartuko duela, bertze behin.

Eta larria dela diot, Juvilla auzia hagitz larria delako. Juvilla desobedientziagatik zigortu dute, hauteskunde kanpainan ez kentzeagatik Lleidako herriko etxeko bere bulegoan zuen xingola horia. Xede alderdikoiak lortzeko instituzioez baliatu izana egozten diote, baina akusazioak ez ditu azaltzen bi gauza garrantzitsu. Lehenik eta behin, xingola horia zer alderdirena den. Izan ere, xingola alderdi bati baino gehiagori badagokio —eta halaxe da—, ez dirudi zentzuzkoa haren ondorioz alderdikeria leporatzea. Bigarrenik, eta hau komikoa da ia, zer zentzu du hauteskunde kanpainan alderdikeriaz jokatu zuela leporatzeak zeini-eta boz horietara aurkeztu behar ez zuen alderdi bati?

Eta, aldi berean, Madrilen, PSOEk eta Podemosek bat egin dute PDeCAT, Ciudadanos eta UPNrekin, PPren lan erreformari egindako ukitutxoak onartzeko, alde batera utzita bai Esquerra eta Bildu, hau da, orain arte sozialisten erreferentziazko bazkide gisa agertu nahi zutenak, baina baita EAJ, BNG, Junts eta CUP ere.

Hirurok aritzen garen zutabe atal honetan, lehenago ere hizpidera ekarri izan dugu nola Esquerra eta EH Bildu bereganatzen ari ziren Madrilen CiUk eta EAJk hartu ohi zituzten jarrerak. Adibidez, EH Bilduk eta PSOEk lan erreforma indargabetzeko ituna egin zuten hartan. Baina nik beti erran izan dut PSOEkoak iruzurtiak eta gangster hutsak direla, eta hobe dela haiekin ez fidatzea. Eta froga begi bistan dugu. Orain, hara non, EH Bilduk EAJrekin batera bozkatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.