Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Pagotxa

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ezker espainolekoa izateak sekulako pagotxa izan behar du. Pentsa, Martxelo, zer izango den zeure buruari erabakitzen uztea norekin izan behar den solidario eta norekin ez dagoen horren premiarik. Gaixoak gu, ezin dugulako holakorik egin eta min ematen digulako munduko edozein bazterretako edozein erasok.

Lasaitu ederra izan behar du, gero, norbait zuri esaka etortzea katalanak jipoitzen ari direla, eta zuk di-da batean kitatu ahal izatea kontua, «urrutikoa» iruditzen zaizulako. Imajinatzen duzu? Interesgarria eta baliagarria izan behar du horrela pentsatzeak. Eta zer diozu norbait eskean badatorkizu arren ikertzeko ea gobernu horretako presidenteak talde terrorista bat sortzeko agindu ote zuen euskaldunak hiltzeko asmoz, eta zuk erantzun ahal izatea holakorik aukeran ezetz, distraitu egiten duela-eta... Bikain! Nolatan ez zait sekula bururatu? Eta ezin gara distraitu, jakina. Eskuak bete lan baitu historiako gobernurik progresistena eta txupiguaiena den horrek.

Jakina, gero ez da ulertzekoa tipo horiek berek zergatik aldatzen duten erabakia bi egunen buruan (euskal kanpaina?), edo zer arraiogatik larritzen diren, hain zuzen, militar batek edo militar izandako batek —ez baita gauza bera baina gauza berbera baita— tiro jotzen dielako haien aurpegiak ageri dituzten itu batzuei. Distraitu nahian ibiliko da. Edo nola uler liteke zuk zeuk eragotzi berri izatea Felipe Gonzalez ikertzea hezur-haragizko pertsona batzuk hiltzeagatik, baina Guardia Zibila bidaltzea, zer eta argazki huts batzuei tiroka dabilen pertsona bat atxilo hartzera?

Bada, horixe, Martxelo: sekulako pagotxa dela ezkerrekoa eta espainola izatea; hainbestekoa, zertxobait itsasten ere ari baitzaigu sarri-sarri gabiltzalarik Madrilera joan eta etorri. Hortxe dabilzkizu ERCkoak eta Bildukoak ere, Borras diputatua epaitzera bidalarazita Espainiako Auzitegi Gorenera. Baietz, bada, gizona. Errepresioaz kezkatzen hastea baino ez genuen behar oraintxe, bertan goxo egiteko aukera izanda kontu horiek guztiak urrutikoak direnez gero...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.