Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Urduri bozak direla eta

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Otsailaren 14ko hauteskundeak urrun daude oraindik. Baina oso gertu daude aldi berean. Urrun daude zeren, egungoaren gisako egoera batean, pandemia batek dena baldintzatzen duen honetan, edozer gerta baitaiteke gauetik goizera, eta gaur oso sendoa dirudiena aldatu. Kataluniaren kasuan, esan behar da ezer gutxi dela sendoa.

Baina, bestalde, hauteskundeak oso gertu ere badaude, hautagaitzak osatzeko epeak amaitzear baitaude eta, hortaz, mundu guztiak bere proiektuak bukatu behar baititu korrika eta presaka.

Aste honetan, Junts Per Catalunyak Generalitateko presidentetzarako bere hautagaia aukeratu du, eta, azkenean, Laura Borras izango da. Primario hauetako bozketan, Puigdemont isilik geratu da, oso modu esplizituan: bera izango da zerrendaburua, baina preso gehienek eta zuzendaritzak Damia Calveten aldeko apustua egina zuten, Borrasekin lehian zebilen hautagaiaren aldekoa. Datu hori, dudarik gabe, kontuan hartzekoa da, are gehiago ikusita parte hartzea handia izan zela. Esquerrak, JxCren erabakiari erantzunez, iragarri zuen Laura Vilagra izango dela bigarren burua —ez da oso ezaguna jende gehienarentzat—, Pere Aragonesen ondoren.

Eta bi alderdi handietatik kanpo ari da mugitzen dena. CUPek oraindik ez du argitu nola jokatuko duen, eta, aste honetan, Badalonako alkate ohi Dolors Sabaterrek proposamen bat egin du Kataluniako ezkerraren zati zabalago bat biltzeko antikapitalisten inguruan. Sabaterrek prestigio handia du, baina ikusteko dago zer gertatuko den CUPen barruan beti izan den oreka bihurriarekin.

Oraindik talde txiki batzuk falta dira; besteak beste, Democrates eta Primaries Catalunya: bistakoa da independentismoaren parte handi bat ez dagoela pozik bi alderdi handiekin, eta alderdi txikiek horretaz baliatu nahi dute, hain zuzen proiektuak bukatu behar dituzten egunotan.

Horri guztiari gehitzen badiogu, gainera, eskuinean PDeCAT eta PNC aldendu egin direla, aurreikus daiteke independentisten botoak oso banatuak egongo direla, eta, boto paperen esperoan, urduritasun handia sumatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.