Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Probintziak

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Osteguneko artikuluan, Martxelo, Tuteratik Leitzara izenekoan, idatzi zenuen Espainiako Gobernuaren erabaki absurdoak urrunegi joan direla; hain urrun, ezen Leitzako herritar bat ezingo baita Berastegira joan, ondoan daukan herrira, baina bai Tuterara, handik 150 kilometrora. Nire herrialdeko adibide pare bat ere jarriko dizut; batak barregura ere eragin lezake, eta besteak, kezka. Badira bi herri, Bellvei eta Castellet i la Gornal, elkarri lotuta daudenak, eta, kale batean, espaloietako bat Tarragona probintziaren parte da, eta bestea, berriz, Bartzelona probintziaren parte. Adibide barregarria da hori; ea zer egiten duten. Adibide kezkagarria da gure gobernuek osasun eremutan banatzen dituztela lurraldeak, horiek ez daudela probintzien menpe, eta ez datozela bat haiekin. Esaterako, Castello probintziako hegoaldearen zati handi bat Sagunteko osasun eremuaren menpekoa da, eta Sagunt Valentzia probintziari dagokio. Arreta unitateak eta ospitaleak beste probintzia batean dauzkate. Horrek, orain arte, ez zuen inor ere kezkatzen; izan ere, probintzien arteko mugak apenas existitzen diren gurean, ez baitaukagu zuen foru aldundien gisako instituzio politiko pisuzkorik.

Ulertzeko nola atera duten ezkerreko poltsikotik halako erabaki absurdoa, uste dut nahitaez kontuan izan behar dugula Espainiako Gobernuak bi planotan lan egiten duela beti: hor atzean, hitz egiten denaz hitz egiten dela, beti ari da norbait aztertzen nola eragiten dion egindako guztiak haiek lurralde auzi eta guk nazio auzi esaten diogun horri. Eta, kasu honetan, bistakoa da. Zentralizatzearen ideiak praktikan porrot egin duenez, orain atzera egin nahi dute, baina ez diete arrazoia eman nahi esaten zutenei logikoena autonomiei botere handiagoa ematea dela estatu autonomiko batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.