Giza garapena

Barrura begira hezteko gakoak

Gero eta ohikoagoa da «dimentsio espirituala» lantzeko jarduerak topatzea hezkuntzan eta lan munduan. Norberaren inguruko ezagutza eta kontzientzia zabaltzea dute helburu.

Yoga saioa egin zuten iazko Durangoko Azokan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hitz indartsua dabarnekotasuna. Esanahia azaltzeko, balio lezake kontrakoa pentsatzeak: adituek diote gizakia kanpora begira bizi dela, kanporantz pentsatzen eta kanporantz egiten, bere burua kanpokoaren arabera moldatzen. Hori ikusita, lenteari buelta ematea proposatzen dute zenbaitek: barrura begiratzen hastea, norbere burua ezagutu eta jokamoldeak errotik iraultzeko. Gaia hezkuntzara eramanda, Barnekotasuna lantzea: giza garapenaren gakoei buruzko gogoetak izeneko jardunaldia egin zuten atzo Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, Eskoriatzan (Gipuzkoa).

Bigarren edizioa zuen atzoko jardunaldiak, eta barnekotasuna lantzearen garrantziaz aritu zen Xavier Melloni antropologo eta teologo jesuita (Bartzelona, 1962). Gizakiaren dimentsio espirituala lantzea «ezinbestekoa» da harentzat, eta hutsunea sumatzen du orain erlijioak gizartean bete ohi zuen funtzioan. Aro berri baten hasiera da, haren ustean: «Ausartuko nintzateke esatera aro post-sekular bat hasten ari garela. Jainkoaren irudi batzuk erori egin dira, halabeharrez, heldutasunik gabeko irudiak zirelako pertsonentzat eta gizartearentzat. Halere, ikusi dugu gizakiak dimentsio espiritual hori gabe ezin duela gizaki izan».

Uste berekoa da Berta Meneses (Palencia, Espainia, 1945). Matematika irakaslea da Bartzelonako Nostra Senyora de Lurdes ikastetxean, eta hezitzaile moduan lantzen du hark barnekotasuna. «Moralaren eskemetatik atera gara, eta sakoneko etika pertsonal bat konkistatu behar dugu. Fededun izan zein ez, guztiok landu behar dugu izatearen alderdi misteriotsu hori», Menesesentzat.

Espiritualtasun hitzari badario erlijio kutsu bat, eta horregatik adituok nahiago dute barnekotasuna eta meditazioa kontzeptuak erabiltzea beren asmoak azaltzeko. Helburua bera da: autoezagutza eta kontzientzia areagotzea.

Isiltasunak garrantzi handia du Mellonirentzat prozesu osoan: «Isiltasun uneak bilatu behar ditugu egunerokoan». Txoko isil bat topatu, eroso jarri eta meditatzea da praktikarik errazena harentzat. Geldirik egin daiteke, baina baita mugimenduan ere: tai txi, txi kung, edo, besterik gabe, «modu kontzientean ibili». Mellonirentzat, egiten ari zaren horren kontzientzia hartzeak egiten du ekintza meditaziozkoa.

Menesesek urteak daramatza praktika horiek eskolan lantzen, «barnekotasunaren pedagogia» egiten. Haren eskolak zenbait dinamika ditu martxan, ikasleek lor dezaten «beren izatearen mailarik sakonenetik lan egitea». Duela 28 urte hasi ziren goizero gogojardunak egiten, eskolak hasi baino ordu laurden lehenago, erabateko isiltasunean. Kanpoan eginez gero, naturarekin harremanetan, hobe: «Tai txi egiten dute ikasleek, txi kung, edo zuhaitzak besarkatu».

Egoten ikasi

Ikasle ohiekin topo egiten duenean, eskolako gorabeherez hitz egitean, guztiek gauza bera galdetzen diote Menesesi, haren hitzetan: «Ez diozue utzi barnekotasunarena egiteari, ezta? Niri oraindik balio dit eta». Bi adituek bat egiten dute barnekotasunaren heziketak hanka bat etxean eta bestea eskolan izan behar duela. «Batez ere hezi behar dira irakasleak, gurasoak, eta gizartea, orokorrean. Gorputzak ondo egon behar du, daukagun tresna bakarra baita», Menesesentzat.

Horrek guztiak entrenamendua behar du, ordea. Erabakiak hartzeko garaian, esaterako, «oso erreaktiboak» gara, Menesesen hitzetan. Momentuko zirrarak edo lilurak itsutu beharrean, tarte bat hartu eta norbere buruari galderak egin behar zaizkio, haren ustean, benetan erabaki ona zein den jakiteko.

Pau Casals txelo jotzailearen hitzekin azaltzen du hori Mellonik: «Egun batean praktikatzen ez badut, jainkoak nabaritzen du; bi egunean praktikatzen ez badut, nik nabaritzen dut; hiru egunean praktikatzen ez badut, besteek nabaritzen dute».

Gero eta enpresa gehiagok eramaten dituzte meditazio teknikak lantegietara; ideia positiboa iruditzen zaie bi adituei, baina Menesesek ikusten dizkio arriskuak ere: «Sistemaren estrategia» bilakatzeko aukera ikusten du, meditazioa bera «kontsumo produktu» bihurtzeko. «Mindfulness-a Troiako zaldia iruditzen zait: kontzientzia osoaren bakterio sartzen du jendearengan. Orduan, kapitalismoak bere burua ezeztatzen du, ezin delako izan harrapakari eta kontziente aldi berean». Barrura begiratzen ikasita, bizitzeko modua bera iraultzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.