Euskararen lur atzenduak

Fernando Perez de Laborda filologoak Izarbeibarko eta Mañeruibarko euskararen historia bildu du liburu batean. Dioenez, bi ibar horietan euskara galduta egon da bi belaunalditan.

Gares da Mañeruibar eta Izarbeibar haranetako herririk handiena. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Gares
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Iruñearen hegoaldean, Erreniega mendiaren magalean daude Izarbeibar eta Mañeruibar eskualdeak. Historia luzea du euskarak han. Urte luzez, euskararen lubaki izan dira bi ibarretako lurrak. XIX. mendean, ordea, euskararen transmisioa eten egin zen, eta bi belaunalditan ia desagertuta egon da. Azken urteetan, berriz ere euskara biziberritzen ari da lur horietan.

Fernando Perez de Laborda hizkuntzalariak euskarak bi ibarretan izandako historia aztertu du Historia del euskera en Valdizarbe y Valdemañeru liburuan (Euskararen historia Izarbeibarren eta Mañeruibarren). Euskararen jatorriaren inguruan duen teoria ere azaldu du liburuan.

Sortzez Getxokoa (Bizkaia) den arren, Obanoskoak (Nafarroa)ditu aitatxi eta amatxi Perez de Labordak, eta lehenagotik ere bi eskualde horietako euskara aztertzen ibili da. Iaz, bi ibarretako euskarazko hitzak bildu, eta hiztegi bat osatu zuen. Aurten, euskarak ibarretan izandako historia bildu du. Horretarako, zenbait liburutan sakabanatuta zeuden datuak bildu ditu, eta ordena kronologikoan antolatu. Blog batean idatziz ekin zion proiektuari, eta blogeko idatziak dira orain liburuan jasotakoak. Datu berrienetatik hasi, eta atzerako kontaketa egin du euskarak eskualdean duen historia azaltzeko. Horretarako, euskarak aroz aro izan duen presentzia aztertu du.

XIX. mendean euskara desagertu baino lehen, euskara zen bi ibar horietako hizkuntza nagusia. Herri dena mintzatzen zen euskaraz: euskaraz bizi ziren. Gainera, herritarrak hobeki moldatzen ziren euskaraz, eta borroka ere egin zuten zerbitzuak euskaraz jasotzeko. Elizan, adibidez, euskara zen hizkuntza nagusia. «Adinekoek euskaraz hobeto hitz egiten zuten gazteleraz baino, eta apaizek sermoia euskaraz ematen zuten», kontatu du Perez de Labordak. Zenbait elizatan, euskaraz idatzitako katekismoak ere aurkitu dituzte.

Euskara nagusi zen gizarteko eremu denetan. Perez de Labordaren hitzetan, eskolan ere euskaraz egiten zuten, baita udaletan ere. Gainera, euskaraz mintzatzeaz gain, euskararen alde ere borroka egiten zuten: «Herritarrek dena euskaraz egiten zuten. XVII. eta XVIII. mendeetan, komisario erdaldunak bidaltzen zizkietenean, kexatu eta auzitara jotzen zuten», gehitu du.

Euskarak udaletan zeukan pisua nabarmentzeko, idazkariaren lana goraipatu du filologoak: «Idazkariek guztia euskaraz entzuten zuten, eta gero dena itzultzen zuten. Lekukoek ez zekiten gazteleraz, eta, beraz, haiek idazkia sinatu zezaten, berriz ere euskarara itzuli behar zuten. Argi geratzen da hemen euskaraz zekitela», berretsi du filologoak. Idazki anitzetan ikusi du lekukoei euskaraz azaltzen zizkietela gauzak.

Perez de Labordaren iritziz, ia 500 urtez euskararen muga geografikoak izan ziren Mañeruibar eta Lizarbeibar haranak. Gainera, erran du herritarrak harro zeudela beren euskalduntasunaz. Han solastatzen zen euskara goi nafarrerako azpidialekto gisa izendatu zuen Bonapartek. Hango hizkera eta euskara desagertu zen arren, euskarazko hitzak egunerokoan mantendu direla dio, eta toponimian, adibidez, nabarmena dela euskararen eragina. Gares herriaren izena jarri du adibidetzat, paper zaharretan aurkitu baitu gaztelaniazko ordezkoa baino lehen Gares (Nafarroa) zela herriaren izena.

Urte anitzez, euskara bizi-bizirik zen bi ibarretako hamalau herrietan. Ordea, XIX. mendean egoera irauli egin zen. «XIX. mendean, transmisioa eten egin zen. Nafarroak foruak galdu zituen, euskararen kontrako desprestigioa hasi zen, debekuak...», kontatu du Perez de Labordak. Geroztik, pixkanaka desagertuz joan zen hizkuntza, guztiz galdu zen arte.

Desagertzeko bidean zela, oraindik ere baziren euskaraz mintzo ziren hiztunak. Hiztun horiek, ordea, ez zuten komunitate trinkorik osatzen, eta, euskaraz mintzatzen baziren ere, hizkuntza erabat galdu zen. Perez de Labordaren datuen arabera, 1930. urte inguruan hil ziren azken euskal hiztunak. Galdu egin zen euskara, eta 50 urte inguruz gaztelania izan da bi ibarretako hizkuntza nagusia.

Berriz euskalduntzen

Galdu zenetik 50 urte pasatuta, azken urteetan euskara berreskuratze prozesuan da. D eredua ezarrita dago, eta haur anitzek ikasten dute euskaraz. Gainera, bi haranetako herri handienean, Garesen, euskaltegia ere badago. Euskara «ongi» ikusten du Perez de Labordak, nahiz eta iruditzen zaion oraindik ere badagoela zer egina: «Gazteleraren presentzia handia da, eta presioa ere bai. Umeek eskolan euskara entzuten dute, baina, eskolatik at, zaila da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.