Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bi tiro

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lehengo asteburuan, Marjiani bi tiro jo zizkioten Bartzelonan. Tiratzailea Guardia Urbana udaltzaingoko agente bat izan zen; biktima, kaleko gizon bat, etxegabea, hungariarra jatorriz. Hilabeteak zeramatzan beti hiriko etorbide handietako bateko atari berberetan.

Oraindik ez dago guztiz argi zer gertatu zen. Zorionez, bi tiroek ez zuten hil, eta pentsatzen dut dena argitzen hasiko dela berriz ere hitz egiteko moduan dagoenean. Adibidez, zergatik zokoratu zuen polizien furgoneta batek etxe baten atarian, espaloi gainera igo eta ibilgailua ariete gisa erabiliz. Marjian mugitu egin zen, jiratu, agenteengana hurbildu, eta haietako batek, maniobra hasi zenetik pistola zorrotik kanpo zeramanak, tiro egin zuen. Nork ateratzen du pistola eskale baten aurrean?

Saiatu dira ezbeharra apalesten. Ada Colauren gobernuak ez du erraza justifikatzea, baina herritarren erreakzioaren hainbat alderdi gu guztion, gizarte osoaren salagarri dira. Eta izugarrizko iskanbilak sortuko zituzketen baldin Detroiten edo Atlantan gertatu izan balira.

Esate baterako, komunikabideen artean berehala zabaldu zen labana odoldu baten argazkia. Harena zela esplikatuta. Hitzez leporatzera ausartzen ez ziren horretaz akusatzeko helburua zuen argazki horrek. Tranpa semiotikoa lotsagarria zen. Labana odoldu bat agente baten bi tiroren kontra. Logikoa, ezta?

Baina ez zuten azaldu odola etxegabearena zela, eta are gutxiago zergatik zeraman labana aldean. Orduan, Arrels fundaziokoek bistakoa zen zerbait gogorarazi behar izan zuten: labana bat zeraman, bai eta koilara bat, edalontzi bat eta sardexka bat ere, kalean bizi baita eta, hortaz, aldean eramaten baitu dena, bereak dituen gauza urriak.

Ospitalekoek esan dute salbatuko dela. Hobeto. Horixe du poz bakarra kasu lazgarri honek, zeinak azalera ekarri baitu noraino gabiltzan gaizki. Duela pare bat urte, Guardia Urbanako beste kide batek txakur bat tirokatu zuenean, manifestazioak izan ziren, mozioak osoko bilkuran, polemika. Baina oraingoan isiltasuna besterik ez da egon. Eta isiltasun horrek, azken finean, gizarte modura salatzen gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.