Kubricken gidoi galdua

Stanley Kubrickek 1956an idatzitako gidoi bat aurkitu dute, Stefan Zweig idazle austriarraren 'Brennendes Geheimnis' nobelaren moldaketa. Zinemagileak artean hiru film zituen eginak.
Stanley Kubrick 20 urte zituela, 1948an.
Stanley Kubrick 20 urte zituela, 1948an. BERRIA

Andoni Imaz -

2018ko uztailak 24
Zinemagintzan aritu zen mende erdian, Stanley Kubrickek hamahiru film besterik ez zituen egin. Kopuruz asko ez diren arren, zinemagile goraipatua da, maisua askorentzat, paregabeko ikuspegia erakutsi baitzuen bere lan bakoitzean. Paths of Glory (1957) da haren lehen gerra film klasikoa, Lehen Mundu Gerran girotua, gerraren kontra inoiz egin den filmik txalotuenetako bat. Stefan Zweig, berriz, Europako idazle irakurrienetakoa izan zen 20ko eta 30eko hamarkadetan. Austriako judua zen, eta bere liburuetan gogor gaitzetsi zuen Alemaniak Lehen Mundu Gerran izandako jarrera.

Orain, Kubrickek Paths of Glory filma egin baino urtebete lehenago idatzi zuen eta galdutzat jotzen zuten gidoi batekin egin dute topo. Zuzendariak zinemara egokitu zuen Zweigen Brennendes Geheimnis eleberria (1913), eta, itxura denez, oso aurreratuta utzi zuen gidoia, pelikula filmatzeko moduan.

Nathan Abramsek aurkitu du idazkia; zinema irakaslea da Bangorreko Unibertsitatean (Gales), eta aditua Kubricken lanean. The Guardian egunkariari esan dionez, zinemagilearen zaleek jakin bazekiten eleberria moldatu asmotan ibilia zela hura, baina inork ere ez zuen pentsatzen osatua zuenik. «Orain, kopia bat dugu esku artean, erakusten duena gidoia oso-osorik idatzi zuela».

Burning Secret izena darama gidoiak, eta, liburuan kontatzen dena oinarri hartuta, Kubrickek bainuetxe batean girotutako adulterio eta pasio istorioa moldatu zuen: gizon «harrapakari» bat 10 urteko mutiko baten lagun egiten da haren ama seduzitzeko asmotan. «Lolita, alderantziz», deskribatu zuen Abramsek. 1962. urtean egokitu zuen zuzendariak Vladimir Navokoven eleberria; bertan, istorioko gizona emakume batekin ezkontzen da haren alaba erakarri nahian.

Aurkitutako gidoiak Metro-Goldwyn-Mayerren gidoi departamentuaren zigilua darama, 1956ko urriaren 24an jarria. Artean Kubrick ez zen oso ezaguna, hiru film besterik ez baitzituen eginak: Fear and Desire (1953), Killer's Kiss (1955) eta The Killing (1956). Bi egilek izenpetu zuten idatzia: Kubrickek berak eta Calder Willingham nobelagileak. Paths of Glory ere elkarrekin idatzi zuten.

Abramsek 100 orritik gorako gidoia topatu zuen, zinemagile batek pantailaratzeko modukoa, Steven Spielbergek garai batean egin bezala; Kubrickek hasitako proiektu bat amaitu zuen —filmaketa bertan behera geratu ondoren, baimena eman zion proiektua berak har zezan—: A.I. Artificial Intelligence (2001).

Kubrickek berak ez zuen lortu baina, birritan egokitu dute zinemara Brennendes Geheimnis; lehena 1933an eign zuten, Alemanian, Robert Siodmakek zuzendua. Haserrea piztu zuen, adulterioaz konplexurik gabe jarduten zuelako, eta Joseph Goebbelsek berak ere egin zuen filmaren aurka. 1989an, beste moldaketa bat egin zuten, Erresuma Batuan, eta badu lotura Kubrickekin: zuzendaria, Andrew Birkin, haren laguntzaile izan zen 2001: A Space Odyssey lanean (1968).

Zentsura edo porrota

Inork ere ez daki proiektuak zergatik ez zuen aurrera egin, baina badira hainbat hipotesi. Batzuen ustez, MGMk proiektua bertan behera utzi zuen Kubrick —kontratuak zioena bete gabe— Paths of Glory-n ere lanean ari zela jakitean. Besteen iritziz, ordea, James B. Harris produkzio kideak ez zion aukerarik ikusten filmari. Abramsek ere ez du ezer argi, baina adulterioaren kontua «arriskatuegia» iruditzen zaio garai hartarako, Hays kodeak agintzen baitzuen orduan Hollywooden. Produkzio kodea zen, filmen moral gidaliburua: bertan zehazten zen zer ager zitekeen pantailan eta zer ez. 1968ra arte egon zen indarrean, baina azken urteetan gero eta zailtasun gehiago izan zituzten aplikatzeko. 1962an egin zuen Lolita, eta debeku zuzenik izan ez zuen arren, Kubrickek uste zuen ez zuela behar beste sakondu pertsonaien arteko harremanaren erotikan, kodearen presioak eraginda.

Zweigen indarra

Azkenaldian asko aipatzen da Stefan Zweig. Haren lana etengabe berrargitaratu dute, eta haren diskurtsoak balioa dauka Europaren azken urteotako egoeraz aritzeko. Gerra arteko garaian gehien irakurritako idazleetako bat izan zen arren, orain boladan dagoela esan lezake inork. Bada berak bizi izan zuen frustrazioa gaurko egoerarekin alderatu duenik. Norantz doan ez jakin arren dena okerrera doalako irudipena partekatzen du egungo gizarteak ordukoarekin.

Askok nostalgikotzat jo izan dute, Zweig bera hala mintzo zelako gerra aurreko Europaz. Ustekabean harrapatu zuen Lehen Mundu Gerrak, eta beldurrez ikusi zuen nazismoak zer gorakada izan zuen ondorengo urteetan, harik eta 1942an bere buruaz beste egin zuen arte. Stefan Zweig: Farewell to Europe biopic-ean (Maria Schrader, 2016) irudikatu zituzten haren azken urteak. Kubrickek hasitakoa beste zinemagile batek amaitzeko garai aproposean aurkitu dute gidoia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna