Ohorezko zapia bokazioari

Batasunaren Pribilegioaren egunean, Iruñeko Udalak aitortza egin die hiriko osasun langileei, COVID-19aren aurrean eginiko lanagatik. 1.476 lore ere paratu dituzte, hildakoak gogoratzeko.

Vicente Estremera mediku erretiratuak Iruñeko Zapia jaso zuen, atzo, udalaren eskutik. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Zazpi hilabete zeramatzan erretiroa hartuta COVID-19aren izurriak mundua jo zuenean. Vicente Estremera Urabaien medikuak 1980ko hamarkadan egin zituen bere ibilbide profesionaleko lehen urratsak: Iruñeko Lehen Arreta zerbitzuetan hasieran zerbitzuburu izatera iritsi zen, eta Txantrea auzoko Osasun Etxeko kontsultan, 65 urterekin erretiratu zen arte. Martxoan, lanera itzultzeko boluntario aurkeztu zen, pandemiaren larritasuna eta baliabideen eskasia ikusita. Bokazioak eraman zuen atzera ere armairuan zintzilikatutako bata zuria janztera: «Ez nengoen sobera herdoildua», esan du.

Belen Izkue Irigoien erizainak ere lehen lerroan bizi izan zuen COVID-19aren lehen olatua, kaosean murgilduta eta «egunetik egunera aldatzen ziren protokoloei segika». Nafarroako Unibertsitate klinikan egiten du lan. Han ezagutu zituen gaitzak jotako lehen gaixoak, «motibo argirik gabe okerrera egiten, espero ez genituen sintomak agertzen...». Han gaixotu zen bera ere, beste hainbat medikuren eta erizainen antzera, eta orduan ezagutu zuen gaitzaren beste aldea: bakartzea.

Osasun langile adina istorio eragin ditu COVID-19ak, eta horiei guztiei aitortza egin die Iruñeko Udalak Batasunaren Pribilegioaren egunean. Hori dela eta, osasun langileei eman diete aurtengo Iruñeko Zapia. Atzo jantzi zuten zapia Estremerak eta Izkuek, kolektibo osoaren ordezkari gisara.

Ziudadelan eginiko ekitaldi ofizialean, Estremerak dei egin zuen «batasunaren sentimendua» berreskuratzera, hiriburuaren sorrera gogoratzeko ez ezik, baita «pandemiari aurre egiteko» ere: «Erantzukizunez jokatu behar dugu denok; oraindik garaiz gabiltza egoera kontrolpean mantentzeko, osasun erakundeen gomendioak zorrotz betez».

Mediku erretiratuak goraipatu zuen osasun zerbitzuetako profesionalen jokabidea: «Alarma egoera ezarri zutenean, 228 pertsona aurkeztu ginen, Iruñean bakarrik, laguntzeko: mediku erretiratuak, kontsulta pribatuan ari zirenak, azterketa gaindituta baina oraindik lanposturik ez zuten mediku egoiliarrak... Horrek erakusten du gure ogibidea zer den: elkartasuna eta bokazioa».

Izkuek ere aipamena egin zien «pandemiaren unerik txarrenetan dena utzi zutenei, beren bokazioari erantzuteko eta besteei laguntzeko», eta azken sei hilabeteetan gertatutakoa ez ahazteko deia egin zuen: «Garrantzitsua da iraganari begiratzea, bizi izandakoa ez ahazteko, pandemiak iraun duen denboran igarotako une onetatik eta txarretatik ikasteko, baina are garrantzitsuagoa da etorkizunari arduraz so egitea. Ez dezagun ahantz: hau ez da amaitu».

Iruñeko Zapia emateaz gain, udalak COVID-19a dela-eta hildako iruindarrak gogoan izan zituen ekitaldian. Hala, lore bana jarri zuten Ziudadelako parkeko agertokian, pandemia hasi zenetik zendutako iruindar bakoitzeko (1.476 guztira), eta zuhaitz bat ere landatu zuten, gingko biloga espeziekoa, «esperantzaren ikur» izan dadin.

Horren ostean, hitza hartu zuen Goizargi elkarteko presidente Raquel Mateok. Dolua pasatzen ari diren pertsonei laguntza ematen die elkarteak, eta, prozesu horretan, Mateok ezinbestekotzat jo zuen «minari, beldurrari eta ziurgabetasunari ahotsa jartzea, sentimendu horiek zapaldu eta ito beharrean».

Azkenik, mediku eta erizainekin batera, pandemiari aurre egiten dieten beste hainbat kolektibo ere gogoratu nahi izan ditu Iruñeko Udalak. Atzoko ekitaldian, oroigarri bana eman zieten talde bakoitzeko ordezkariei. Hala, Cristina Iriartek jaso zuen farmazialarien izenean; Sagrario Zuecok, udaleko gizarte zerbitzuen izenean; Maria Diaz de Radak, Ekintza Komunitarioen alorreko langileen ordezkari gisa; Caritasko Sagrario Goñik, boluntarioen izenean; Carmelo Buttini liburu saltzaileak, saltoki txikien ordezkari gisara; Iñaki Ibañez FCCko langileak, udal garbitzaileen izenean; Juan Antonio Castro udaltzainak, Segurtasun Alorreko ordezkari gisa; eta Pablo Aragon Gazteriaren Etxeko arduradunak, gazteen izenean.

Zapia, tradizio berria

Urteroko ekitaldia izan ohi da Batasunaren Pribilegioa. Duela 597 urte, Iruñeko hiru burguak elkartu eta hiri bakarra sortu zutenekoa gogoratzen du udalak. 2016. urteaz geroztik, izaera soilik zibila du ospakizunak. Orduan ezarri zuten Iruñeko Zapia emateko ekitaldia ere. Hauek jaso dute orain arte: Paulina Fernandez Mañueta txurro dendaren jabeak, Javier Pagola idazleak, Andraizek eta Alberto Undiano Mallenco futbol epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.