Jaio berria den amona

Gorbeialdean, Izarran, AmonaLola proiektua sortu dute Basque Culinary Centerreko hiru ikasle ohik. Tradizio handiko espazio bati norabide berria emateko helburua dute.

Sergio Mariscal eta Maria Aniz, AmonaLolako gastrotabernan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Urkabustaiz
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Haize berritzailea heldu da Izarrara (Urkabustaiz, Araba). Kale nagusiko 2. zenbakian dagoen 500 urte inguruko eraikinera hiru gazte sartu dira, Basque Culinary Centerretik atera berriak. AmonaLola proiektua sortu dute, tokiaren historia, ilusioa, berrikuntza eta ekintzailetza uztartuta. Arabako eskualde horretan erreferente izan nahi du egitasmoak, baita urrunago joan ere: ez soilik ikuspuntu gastronomikotik goi mailako sukaldaritza eskainiz, eskualdea dinamizatzeko espazioa ere izan nahi du.

Proiektua sortu zuten bi nahi bateratuta: batetik, Izarrako Administrazio Batzarrak, eraikinaren jabeak, proiektu bat abiarazi nahi zuen. Bestetik, Basque Culinary Centerreko ikasle batzuk benetako proiektu bat egin nahi zuten, ikasketak amaitzeko. Bi nahi horiek elkartzeaz eta babesteaz arduratu ziren Urkabustaizko Udala, Hazi Fundazioa, Gorbeialdeko Kuadrilla eta Mairuelegorreta Landa Garapeneko Elkartea. Bi aldeak elkartu zituzten 2017ko azaroan, eta bilera gutxitan hartu zuten proiektua garatzeko erabakia.

Maria Aniz Nuin, Sergio Mariscal Gil eta Blanca Garcia-Courtouy Luque dira AmonaLola proiektua garatzen ari diren hiru kideak. Udaberrian eraikinean jarri ziren bizitzen, eta, ordutik, lanean ari dira egitasmoa aurrera ateratzeko. Udaberritik udara arte espazioa egokitu dute, eta udatik aurrera zerbitzua eskaintzen ari dira. Izarrako Administrazio Batzarra izan dute bidelagun, eta aipatutako eragileen babesa ere jaso dute.

Nortasuna, lekuak emanda

«Etxeko espazioetan eta haren historian oinarritu dugu proiektuaren nortasuna», azaldu du Mariscalek. Eraikinak ostatu eta ostalaritza zerbitzuak eskaini zituen aurreko mendeetan. Are, garai bakoitzeko pertsona ezagunak pasatu ziren. 1970eko hamarkadan, familiak herriari eman zion etxea, aurrez izan zuen erabilera manten zezan. Dolores izeneko emakume adineko batena izan zen erabakia; handik eraikinari emandako Doña Lola (Lola andrea) izena. «Hari horretatik tira egin genuen proiektua garatzeko: adineko emakumearen irudia amonekin lotu, amona janari zaporetsuarekin... Hor hasi ginen amona modernoaren ideia garatzen».

Eraikinaren nortasuna mantentzeko, aurrez zeuden altzari gehienak baliatu dituzte, izaera «garaikidea» emanez. Espazioa egokituta, lehen pausoa eman zuten: gastrotaberna ireki zuten. Hastapenak ez ziren errazak izan; hala aitortu dute Anizek eta Mariscalek. Ordutik, haien ideien eta bezeroen nahien eta ohituren arteko aldea urrituz joan da. Gaur egun erritmoa hartzen hasiak direla gaineratu dute. Jatekoa eta edatekoa eskaintzen dute, «amonaren etxean egiten zen bezala». pintxoak, errazioak, txingarretan erretako janaria... ematen dute, arrozak ospea lortzen ari direla adierazi dute.

Bigarren fasea azaroan hasi zuten, jantokia martxan jartzean. Ordutik ez zaie lanik falta. Jantokian bi eskaintza mota dituzte: batetik, bi menu, 25 eta 28 eurokoak; bestetik, «menu gastronomikoa». Horrek ez du prezio eta egitura finkorik, sasoian sasoikolehengaien arabera prestatzen baitute. Aurreko asteburuetan zortzi platerekoa zen, 40 euroren truke; datorren asteburuan hamar plater izango ditu, 50 euro ingururen truke.

Menu gastronomikoari buruz hitz egitean agertu dute lanerako duten grina: «Probatu dutenak oso pozik geratu dira, baina hobetu daitezkeen zertzelada batzuk ikusi ditugu», zehaztu du Mariscalek. Kalitatearekin batera, menuak «zentzua» izatea nahi dute. Zentzu hori emateko, jatetxearen kokalekua hartu dute kontuan: Gorbeia mendiaren lau bazterrak jaso nahi dituzte, lehengaiak, koloreak eta sentsazioak mahaian islatzeko.

Proiektua egonkortzeko lanetan aritzeaz gain, etorkizunera begirako ideiak ere badituzte. Aurrenekoa da lehen solairuko hotela berriz zabaltzea. Bestetik, eraikin nagusiaren ondoko Irubidaur Museo Etnografikoaren eta jatetxearen arteko lotura indartu nahi dute.

AmonaLolaren ordutegia urtaroaren araberakoa da. Neguan—astelehenetan eta astearteetan salbu— egunero irekitzen dute. Edonola ere, aurrez erreserba egitea komeni dela aipatu dute.

Herriarentzat «apustua»

Mila Urtaranek, Izarrako Administrazio Batzarreko kideak, gogora ekarri du eraikin horrek urteaskoan izan duela ostatu eta ostalaritza zerbitzua. Bide berria urratzearen aldeko apustua egin zuten, ekintzaile gazteei aukera emanez. «Beste mota bateko kudeaketaren alde egin dugu; apustua da herriarentzat». Erronka horrek hainbat eragileren babesa duela gaineratu du.

Batzarraren eta hiru kudeatzaileen artean urtebeteko kontratua sinatu dute, abiapuntu gisa. Urtaranek adierazi du halako proiektuetan luzera begirako ikuspegia izan behar dela: «Are gehiago kasu honetan, bertan dauden gazteek ere apustu handia egin baitute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.