Ingurumena

Zoruko pipak, lurreko ongarri

Futbol partidetako osagarri izarra izan ohi dira pipak Donostiako Anoeta estadioan. Zoruan pilatzen utzi beharrean, azalak bereizita jaso eta Gipuzkoako lurren ongarri bilakatuko dituzte.

Espacios Intermedioseko, Ekotradeko, Kutxako eta Real Sociedad fundazioko ordezkariak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Realeko lehen taldeen futbol partidetan ez da girorik falta izaten Anoeta estadioko harmailetan. Animo oihuak eta purrustadak, txaloak eta txistuak, denetarik izaten da zaleen ahotan. Azpitik, ordea, badago partidak etorri eta partidak joan aldatzen ez den soinu bat, unerik aspergarrienak ere klaskaka erritmo biziarekin markatzen dituena. Pipa hortzekin hautsi, jan, eta azala lurrera. Estadioko harmailek azalezko estalki bat izaten dute norgehiagoka amaitzean. Zoru gaineko tapiz grisa amaitzeko helburuari heldu diote Real Sociedad fundazioak eta Kutxa Ekoguneak, ingurumenaren gaineko kontzientzia hedatu eta ekintzetara igarotzeko: Anoetan jasotako pipa azalak ongarri bihurtuko dituzte.

Futbol denboraldi batean, hiru tona pipa azal baino gehiago jasotzen dituzte estadioko lurretik. Hango zaborrarekin nahasten dira hala, eta ez dago hori behar bezala bereizterik: dena errefusa da. Horrela azaldu zuen egitasmoa Andoni Iraola Real Sociedad fundazioko zuzendariak. Espainiako gizonezkoen futbol ligako lehen mailako denboraldian, 100.000 tona pipa inguru kontsumitu ziren estadioetan, eta horien azalen %70 baino gehiago lurrera bota zituzten ikusleek. «Ezertarako balio ez duen hondakinari balioa ematea» da Anoetatik Gipuzkoako baratzetara izeneko kanpainaren helburua. Pipa azalak bereizita jaso, tratatu, eta ongarri bilakatzea da proiektuaren funtsa. «Esplikatzea sinplea da, baina ondo gauzatzea ez da erraza».

Anoeta eraberritzen ari dira, eta «estadioarekin batera, Gipuzkoa berri bat eraikitzeko» baliatu nahi dute proiektua. Praktikan, paperezko ontzi biodegradagarriak banatuko dizkiete ikusleei. Pipa azalak —eta pipa azalak soilik— sartuko dituzte bertan, eta, partida amaitutakoan, horiek biltzeko propio jarritako edukiontzi laranjetara bota beharko dituzte. «Pipa azalak edukiontzira bota, paperezko ontzia etxera eraman, eta hurrengo partidara ontzi bera ekartzen duenak ohorezko matrikula izango du», esan zuen erdi txantxetan Iraolak.

Anoetatik Gipuzkoa osora

Proiektua tribunaz tribuna jarriko da martxan. Azken bi partidetan, estadioko ekialdeko tribunaren goialdean probatu dute, baita emaitza «bikaina» lortu ere. Huescaren aurkako partidan 40 kilo jaso zituzten, Athleticen aurkakoan baino gehiago; beraz, partida «aspergarriagoek» izango dute alde onik, Iraolaren hitzetan, ingurumenaren babesean bada ere. Datozen bi norgehiagoketan, Leganesen eta Athletico Madrilen aurkakoetan, ekialdeko tribunaren behealdean eta Aitor Zabaleta tribunaren goialdean egingo dute proba, eta Aste Santurako Anoeta osora zabaltzea da asmoa.

Real Sociedad fundazioak Kutxa Ekogunea izan du bidelagun proiektua martxan jartzeko. Ander Aizpurua Kutxa fundazioko zuzendariak garrantzia eman nahi izan zion kanpainari: «Ez da kontzientziazio soila: ekintzetara pasatuko gara». Estadioko lanaz arduratuko da Real Sociedad fundazioa, baina bilketaren ostean hasiko da Ekogunearen egitekoa. Pipa azalak baratzeetako hondakin freskoekin nahastuko dituzte, konpostatzeko metetan, eta 9-12 hilabeteko prozesu baten ondoren, ongarri zaku bilakatuko dira Gipuzkoako lurrerako.

Baratze Parke Sarea kudeatzen du Kutxa Ekoguneak, eta 1.200 lursail baino gehiago biltzen dira bertan. Laborantza ekologikoa sustatzea da proiektuaren asmo nagusietako bat. Anoetan jasotako pipa azalekin sortutako ongarria Gipuzkoako baratze horietan banatuko dute. Prozesu osoan, Ekotrade hondakinen kudeaketa enpresaren laguntza izango dute.

Jatorrizko ideia Espacios Intermedios diseinu estudioak asmatu zuen, duela bi urte baino gehiago. Deigarria egin zitzaien Anoetan botatzen den pipa azal pila, eta arazoari irtenbide «bideragarriena» eman diote diseinatzaileek. Gainera, «kontzeptu interesgarria» iruditzen zaie Anoetako zoruan pilatutako hondakinak Gipuzkoako lurren ongarri izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.