Musika

Heroien bideari segitzeko prest

Aaron Frazerrek 'Introducing...' bere lehenengo diskoa argitaratu du urtea hastearekin batera, azken urteetako soul 'revival'-ari estu lotzen zaion lan aipagarri bat.

Bakarkako lehen diskoa atera aurretik, Aaron Frazer Durand Jones & The Indications taldean aritu da. BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Musika beltzak azkeneko hamarkadetan hamaika bide hartu baditu ere, ez dira gutxi euren oinarria generoaren garai klasikoan duten musikariak. Soularen kasuan behinik behin, 1960ko eta 1970eko hamarkada miragarrietan jartzen dute begia musikari askok, zenbaitetan estilo ariketak lantzeko, eta beste batzuetan, berriz, haratago joan eta ahots propio bat erakusteko. Ikusteko dago zer bide hartuko duen Aaron Frazer musikari gazte estatubatuarrak, baina 2021 hasi berri honetan argitaratu duen Introducing... bere lehenengo diskoak zer esateko baduen artista bat aurkeztu du.

Estreinako bakarkako diskoa du Frazerrek, baina musika beltzen jarraitzaileentzat ez da erabateko ezezagun bat. Izan ere, azken urteetan soul munduan nabarmendu den talde bateko (Durand Jones & The Indications) bateria jotzailea da Frazer, eta banda horren lehenengo diskoan dagoeneko erakusten zuen gaitasun handia duela bakarka abesteko. Pieza bat besterik ez zuen kantatzen Frazerrek lan hartan —Is it Any Wonder? balada goxoa—, baina nagusiaren ahots gartsuaren ondoan bestelako bat erabiltzen zuen, falsettoan oinarritutakoa. American Love Call (2019) diskoan are eta nabarmenagoa zen Frazerren arrastoa, eta, ondorioz, inor gutxi harritu da Frazerrek pausoa eman eta bere izenpean lehenengo diskoa argitaratu duenean.

Introducing... (Easy Eye Sound / Dead Oceans) Frazerrek orain arte edan duen guztiaren emaitza da, eta, musikariak azaldu duenez, baita soul komunitate osoari egindako eskertza moduko bat ere: «Ez nuen nahi Introducing... garai baten edo estilo jakin baten birsorkuntza hutsa izatea. Inspirazioa gure aitzindarietatik hartzeko aukera izan dut, baina baita gaur egun hip-hopean eta pop musikan gertatzen ari den horretatik guztitik ere».

Dan Auberbach The Black Keys taldeko kide eta ekoizle ezagunaren laguntza izan du zeregin horretan, eta, hain zuzen ere, Auberbachek berak jo zuen Frazerrengana, Is it Any Wonder? entzun eta berehala. «Aaronek talentu izugarria du; hain ona izatea bateriarekin eta aldi berean horrela abestea! Niri ere izugarri gustatzen zait falsettoarekin abestea; zerbait hauskorra dago hor».

Introducing... osatzen duten hamabi piezetan agerikoa da 1970eko hamarkadako soularen eragina, eta nabarmena da Frazerren erreferente izan direla Marvin Gay, Stevie Wonder, Gil Scott-Heron eta Curtis Mayfield. Ez da, baina, Introducing bide bakarrari eusten dion lana, eta soul musikak bere historian izan dituen aldaera eta eskola ezberdinetara jotzen du. Haize atal leun baina iradokitzaileak erabiltzen ditu If I Got It (Your Love Brought It) bizian, Filadelfia soinura hurbiltzen da hasierako You Don't Wanna be My Baby-n, pauso motelarekin dantzatzeko piezak eraikitzen ditu (Done Lyin'), baita Motown zigiluaren urrezko arokoak diruditenak ere (Ride With Me, Girl on The Phone), eta Over You singlean disko osoan baino tempo azkarragoa ezartzen du, hit eztabaidaezin bat osatzeko.

[youtube]https://youtu.be/YBi4P0aZnsg[/youtube]

Diskoa astebetean grabatu zuten Auerbachek Nashvillen duen estudioan, eta bertan parte hartu zuten estudio musikari ezagun eta esanguratsuek, besteak beste The Memphis Boys taldeko kideek —besteak beste Aretha Franklinekin eta Dusty Springfieldekin lan egindakoak—, Sam Bacco perkusionistak eta Daptone zigiluarekin lan egin duten hainbat musikarik. Auerbach: «Ez nuen disko retro bat egin nahi, baizik eta diskoak bere soinu propioa izan zezala. Orain arte inoiz elkarrekin lan egin gabekoak ziren musikariak, batzuk beteranoak eta beste batzuk gazteak, eta uste dut freskotasun hori igartzen zela giroan».

Maitasuna eta politika

«Kantu hauetako asko gaur egun nagoen harremanak inspiratutakoak dira, zeina inoiz izan dudan harremanik osasuntsuena den», azaldu du kantariak. Eta maitasunak zeharkatzen du diskoaren parte handi bat, ez bakarrik bikotekidearekiko maitasunak, baita inguruko lagunekikoak ere. «Nire maiteak, taldeko kideek, familiak eta lagunek lagundu didate esperientzia hau izateko gai naizen egoerara iristen». Baina Mayfieldek, Gayek eta bestek egiten zuten bezala, bere musikan, maitasunarekin batera, leku nabarmena du politikak —edo kezka sozialak, behinik behin—. «Etikoki begiratuta, inportantea da musika ongia egiteko erabiltzea. Iritzi politikoak eman nahi badituzu, ez itxaron norbaitek galdetu arte». Alde horretatik, Scott-Heron eta Mayfielden adibideak ekarri ditu gogora Frazerrek. Biek idatzi zieten samurtasunari eta maitasunari, eta biek erabili zuten kantua kontzientziak astintzeko: «Horiek dira nire heroiak, eta haien lanean jarraitzeko bide bat ikus dezaket».

[youtube]https://youtu.be/G8OCGoDmnAI[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.