Sanpedroak Urdiainen

Burundako hitzen etxean

Koldo Zuazo Burundako hiztegia osatzen ari da, eta egitasmoa aurkeztu du Urdiainen, herriko besten bezperan. Bertako hizkera hobeki gorde den tokian mintzatu da proiektuaz.

Iker Tubia.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Nola esaten da Burundan (Nafarroa) marrubia? Eta gerezia? Gazta? Bada, ailubia, kaixa eta gaztaia. Horrelako zalantzak argitzeko hiztegi bat sortzen ari da Koldo Zuazo hizkuntzalaria. Atzo aurkeztu zuen egitasmoa, Urdiainen (Nafarroa), euskalkia hobeki gorde duen herrian. Gaur hasiko dira herriko bestak, eta horren karietara egin zuten aurkezpena, udaletxeko areto nagusian.

Ez dago amaituta. «Ondo bidean, 2021eko abenduan aurkeztuko dugu, Durangon [Bizkaia]», ohartarazi du Zuazok. Oraingoz 2.800 hitz bildu ditu, eta O letrarekin ari da. Azkenerako, 4.500 hitz bilduko ditu hiztegian. Hala ere, David Oroz alkateak aurkezpena egiteko eskatu, eta Zuazok gustura onartu gonbita. Lehenik ere aztertua du Burundako euskalkia, 2010ean hizkera horren gramatika argitaratu baitzuen. Orain, hiztegia. «Hiztegiak ezinbestekoak dira hizkuntzak sendo iraun dezan. Gutariko edozeinek maiz begiratzen ditugu hiztegiak gauzak nola esaten diren jakiteko edo hitzek zer esanahi duten argitzeko. Euskara galduta dagoen herrietarako ere ondo datoz», esan du egileak.

Aurretik ere eginak dituzte bi hiztegi: Kandido Izagirrek Altsasukoa egin zuen, eta Patxi Ondarrak, Bakaikukoa (Nafarroa). «Orain egiten ari garena bi horietan oinarritua da, jakina, baina askoz zabalagoa eta zehatzagoa izango da». Bi atal ditu hiztegiak. Lehenbizikoa, Burundako euskara-euskara batua hiztegia da. Bigarrena, gaztelera-Burundako euskara. Bigarrena soila izanen da: erdarazko hitza Burundako euskaraz nola esaten den baizik ez da agertuko. Azalpenak euskarazko atalean agertuko dira.

Ziordia, Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku herriek osatzen dute Burunda, eta euskararen egoera oso desberdina da toki bakoitzean. Lehenbiziko hiru herrietan, bertako euskalkia galdurik dago, Iturmendin hiztun bakarra geratzen da, eta, Bakaikun gehiago badira ere, zaharrak dira hiztunak: ez da transmisiorik egon. Urdiain da salbuespena: «Bizirik iraun du, eta, jakina, herri horretan egin dugu gure lanik gehiena».

Zuazoren arabera, ezagutu duen hizkerarik harrigarriena da Burundako euskara. Izan ere, bazterretan aurkitu ohi diren hitz zaharrak gorde ditu. Gainera, hiru osagai ditu: Nafarroako, erdialdeko eta mendebaldeko euskararenak. Bada harritzen duen beste afera bat: Burundako hizkeratik Etxarri Aranazkora (Nafarroa) dagoen aldea. «Bata bestearen ondoan egonda, eta tartean ez mendirik, ez ibairik, ez beste hesirik ez dela, sakona da bi hizkeren arteko aldea: azken batean, bi hizkuntza eremu dira».

Hiztegiak balio lezake euskalkia galdu dutenentzat. «Hitzek badute beren balio afektiboa, eta lagungarri dira berreuskalduntzea egoki bideratzeko». Altsasun, adibidez, gazteak hasiak ziren bertako hizkera suspertu nahian. Are, gogo horrek eraman zuen Zuazo hiztegia egitera: «Ezinbestekoa zutelako tresna hori». Baina, horretan ere, Altsasuko auziak kalte egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.