Albistea entzun

Estatus politikoa. Egoera

ZIKLO BERRI BATEN ZUMEAK

Galdeketen balioa, Gure Esku Dago-ren asmoak, EAEko estatus politikoaren egitasmoa, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko aldaketak, Demokrazia Bai-ren bultzada, Eusko Ikaskuntzaren planteamendu nazionala... Seinale Euskal Herrian badela mugimendua. Espainiako federalismoaren zaleak ere atera dira.
Gure Esku Dago-k aurtengo ekainaren 10ean antolatutako Donostia-Bilbo-Gasteiz giza katea, Bilbon.
Gure Esku Dago-k aurtengo ekainaren 10ean antolatutako Donostia-Bilbo-Gasteiz giza katea, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2018ko azaroak 18

Beste alerik ezean —ez da iragarria—, duela lau urte abiatutako herri galdeketen zikloa gaur bukatuko da, Gipuzkoan Donostian eta Irunen, eta Bizkaian Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan kontsultak eginda. Haiekin, 209 izango dira —Euskal Herriko udalerrien %30,5etan galdeketak—, eta berrehun mila pasa boto. Eta pauso berriak eman nahi ditu Gure Esku Dago-k. Harez gain, bada mugimendu gehiago, instituzionalki eta sozialki: EAEn, EAJren eta EH Bilduren artean estatus politiko berri baterako oinarriak; Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresua, aurrera begiratzeko; Demokrazia Bai plataforma, eta, haren zentzu desberdin batean, Euskal Herriko Federalistak. Ziklo berri baterako zenbait zume dira. Gainera, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian berritasun instituzional handiak gertatu dira azkeneko urteetan.

2010ean Batera plataformak Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoaz 123 udalerritan galdeketa sorta antolatu zuenetik — %17,9ko parte hartzea—, 2014an hasi ziren berriro euskal estatus politikoari buruzko kontsulta ez-ofizialak: Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Hotz zegoen giroa. Urtebete ere ez zen Gure Esku Dago herritar dinamika sortu zela. Etxarri Aranazko herritarrek antolatu zuten ariketa. Urte berean izan zen bigarrena, izaera berekoa: Arrankudiagan (Bizkaia). 2015ean, bat ere ez. Gure Esku Dago-k ondorengo urteko ekainetik heldu zion galdeketen egitasmoari, guztia zilegitasun osoz garatu ahal izateko protokolo eta guzti —aurreko bi herrietan ere bazeukaten, eurek osatutakoa—.

2016ko abenduan Prest izeneko bide orria aurkeztu zuen Gure Esku Dago-k, Iruñean. 2019ra arteko plangintza bat da. «Herritarrok prest gaude bidea egiteko», esan zuten. Lau ildotan ardaztu zuten plana: galdeketetan —lehen aldiz hiriburu batean ere egiteko helburua—, erabakitzeko eskubidearen inguruko itunean, herri mobilizazioan eta elkarlanean. Bertan da 2019a, eta hitza bete dute: ordura arte 38 herri kontsulta egin ziren, eta, geroztik, gaurkoak barne, beste 171 —tartean, estreinakoz, hiriburu batean: Donostian—; batez besteko parte hartzea %22,8 da. Halaber, erabakitzeko 2.019 arrazoi bildu ditu mintegietan-eta, eta Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan entregatu. Mobilizazio ahalmen handia ere erakutsi du: aurten 175.000 herritar elkartu ditu Donostia-Bilbo-Gasteiz giza katean. Eta elkarlanaren atalean, Gure Esku Dago-k azkeneko urteetan ere jardun du askotariko eragileekin hartu-emanean: Kataluniako auzian, EAEko estatutu politiko berrirako instituzio eta alderdiekin, Eusko Ikaskuntzarekin, Orain Presoak-en manifestaziora joan zen...

Ia bost urte eta erdi dira dinamika sortu zutela. Uste du kontsultekin erabakitzeko eskubidearen eztabaida mahai gainean jarri dela, eta eskubide hori herritarren «elkargune eta bilgune» bilakatzen ari dela. «Adostasuna behetik gora zehazteko unea da», esan izan du. EAEko estatusaren inguruan, kasurako, Mario Zubiaga Gure Esku Dago-ko idazkaritzako eta Eusko Ikaskuntzako Kongresuko Batzorde Zientifikoko kideak duela hiru aste BERRIAn adierazi zuen «zabaltzen» ari dela autogobernuaren eztabaida, eta iritzi zion ona litzatekeela «prozesu parte hartzaile txukun bat» egitea.

Prest bide orria amaierara heltzen ari zaio Gure Esku Dago-ri. Apustu berrietarako tenorean da.

EAJk eta EH Bilduk EAEko estatus politiko berriaren oinarrietan mamitutako akordioan jasoa dute «kontsulta gaitzailea» egiteko aukera. Hau da, estatutua Eusko Legebiltzarrak onartzean, eta Espainiako Gorteetara igorri aurretik, herritarrek galdeketa batean testua berrestea ala baztertzea. Bete beharreko kontsulta ez izanda ere, deialdi ofiziala egin nahi bada; Madrilek eman beharko du baimena, eta hori, gaur-gaurkoz, ez da posible ikusten. Kataluniako 2014ko azaroaren 9ko kontsulta etortzen da burura: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ez zela legezkoa Generalitateak deitzea, baina Artur Mas presidente katalanak ez zuen atzera egin. Kontsultara formalki ez zuen Masen gobernuak deitu, prozesu parte hartzailea eta boluntarioa deitu zion, baina baliabideak jarri zituen —sistema informatikoa, webgune informatiboa, 1.317 bozkaleku...—. 40.000 katalanek izena eman zuten galdeketa hura egin zedin. Eta egin zuten. Emaitza: 2,3 milioi boto izan ziren —1,9 milioi herritar Kataluniako estatu independentearen alde azaldu ziren—. Hortxe dago, beraz, eredu praktiko bat Euskal Herrirako, batek baino gehiagok badaezpada gorriz azpimarratuta daukana.

Katalunia izango da Gure Esku Dago-ren ardatz nagusietako bat datorren urtetik aurrera. Angel Oiarbide bozeramaileak joan den asteartean Donostian aurreratu zuen ailegatu dela «elkartasunetik elkarlanera» pasatzeko garaia. Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearen hitzaldiaren aurreko hitzartzean agertu zuen asmo hori Oiarbidek. Torrak, gero, «euskal gizarteari» dei egin zion Katalunian bezala «adostasun handiak» lortzeari, «antirrepresioan, errepublikanismoan eta erreferendumean» oinarrituta.

Mugimendu gehiago

Eusko Ikaskuntza ere martxan da, bere mendeurrenean. Datorren ostiralean izango du kongresuko egun gorena, Oñatin (Gipuzkoa), eta orain arteko lanaren ondorioak aurkeztuko ditu. «Lurralde erritmoak» erritmo, Euskal Herria aintzat hartu, eta aurrera begirako agenda proposamenak plazaratuko ditu. Zubiaga: «Kontua da nolabaiteko eztabaida konstituziogile bat zabaltzea Euskal Herri osoan, jakinda oraingoz ez duzula estaturik, (...) Finean, eztabaidatzen ari zara nola antolatu herria politikoki, eta jendearekin ari zara diseinatzen; hori da azpiko filosofia».

Demokrazia Bai plataforma ere mugitzen ari da. Apirilean aurkeztu zuten Euskal Herriko sona handiko lagun batzuek —Carlos Garaikoetxeak, Juan Jose Ibarretxek, Rafa Diezek, Anjeles Iztuetak, Iñigo Iruinek, Laura Mintegik...; Daniel Arranz ere badago han, adibidez—, eta aste batzuk barru beste agerraldi bat egiteko asmoa daukate, atxikimendu gehiago batzeko eta egitasmoa gehiago zabaltzeko. «Zazpi lurraldeetako herria daukagu gure erretinan, Euskal Herria, gure nazioa, gure herria», zioen Demokrazia Bai-k sorrerako adierazpenean. Deitoratu egin zituen Espainiako Estatuaren «ustelkeria» eta «inboluzioa», baina kritikatik harago joan nahi du, proiektuan zentratuta, eta iritzi dio «beste ziklo politiko baterako ekimenerako unea» dela. «Esaldi bakarrean, herri eta nazio bezala aintzatesten gaituen estatus bat behar dugu». Ondoren etorri zen EAJren eta EH Bilduren estatus berriko oinarrien ituna: erabakitzeko eskubidea, eskumen esklusiboak, Madrileko aldebikotasuna...; ardatz horiek aipatu zituen Demokrazia Bai-k bere aurkezpenean.

Eratu da beste plataforma zibil bat urte honetan, urrian: Euskal Herriko Federalistak. Mugimendua baden beste seinale bat. Ez dute nahi «haustura» Madrilekin, ezta haren «zentralizazio handiagoa» ere. Alberto Lopez Basaguren izan da idatziaren sustatzaileetako bat, EAEko autogobernu batzordeko aditu taldeko kidea. Ramon Saizarbitoria, Maixabel Lasa eta Adela Asua ere sinatzaileetakoak dira. Espainiako Konstituzioaren balizko erreformaren aurretik ez dute Euskal Herrian egiturazko ezer mugitzerik nahi, eta, erreforma posible batean, estaturako federalismoa lehenesten dute. Aldiz, euskal subiranismoak ez du derrigorrean egon nahi erreforma konstituzional baten zain.

ETAren desegitearen ostean, Euskal Herria ziklo politiko berri batean sartu da. Alor instituzionalean berrikuntza handiak izan ziren 2015ean Nafarroan —hurrena, gobernu aldaketa berrestea dute lehentasun— eta iaz Ipar Euskal Herrian —Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak iragarri du txiki geratzen ari zaiela—; EAEn ere eman nahi du aurrerapausoa hainbat eragilek.

Herri instituzionalerako eta sozialerako zume batzuk dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.