martxelo otamendi
Enbaxada bila

Lotsagorritu egingo gaituzte

2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Teresa Todaren kaleratzeak berriro jarri digu agendan 18/98 epaiketaren zigor ondorio gogor eta gizagabea, eta, bereziki, Egin egunkariko arduradunekin Espainiako auzitegiek egin zuten gehiegikeria.

Mendeku garaiak ziren, oraindik erabat desagertu ez direnak. Denak balio zuen ezker abertzalekoa edo ingurukoa izan zitekeenaren aurka; ordura arteko mugak gainditu, eta oinarririk gabeko akusazioak froga definitibotzat jo zituzten. Batzuetan, esperpentotik gertu zegoen auzi aretoan ikusi genuena, baina ez zien axola; helburua garbia zen, eta batere gorritu gabe eraman zuten bukaeraraino. Elkartasun mugimendu handia sortu zen 18/98ko auzipetuekin: ordura arte egin gabeko kanpaina ezohiko eta irudimentsuak egin ziren; sekula hurbildu gabeko lagun askok bat egin zuten ekitaldi erakargarri haietan, eta behin baino gehiagotan bete ziren Bilboko kaleak injustiziaren aurka protesta egiteko. Ez zen, noski, alferrik izan; baina, sententzia aurretik idatzita zegoenez, ez genuen askorik lortu.

Makrosumario horren atal bat, gu kazetariok gertutik ukitzen gaituena, Egin-ekoena izan zen. Kartzela zigorra jaso zuten kazetako hainbat arduradunek, erredakziokoek eta Administrazio Kontseiluko kideek. Teresa Toda zuzendariordea atera da kalera, baina ez dugu atera, eta ez dugu ahalegin handirik egin lehenago atera zezaten; ez Todarekin, ez Salutregi zuzendariarekin, ez Zakalakain kontseilukide eta besteekin. Egin-eko kioskokideekin gertatzen utzi dugunak lotsagorritu egin behar gintuzke gure herriko kazetari eta komunikabideetako langileok.

Urteak pasatu dira. PEN taldeak egin ditu egin beharrekoak, baina gainontzeko guztiak oso gutxi mugitu gara. Zaila dagoEspanian preso bat kalera ateratzea zigorra bete aurretik; are gehiago euskal auziarekin lotuta baldin badago. Horrela izanda ere, gutxienez haien kasua agendan jarriko genukeen, gurean eta nazioartekoan, eta salatu eta gogoratu egingo genukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.