Erreskateen aroa amaituta, orain dator hartutako zorrak kitatzeko aje luzea

NDFri zor guztia itzuli dio Irlandak, eta gehiena Portugalek. Espainiak izan ezik, beste herrialdeek 2025etik aurrera pagatuko dute gainerakoa

Ivan Santamaria.
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Greziarekin hasi zena Greziarekin bukatuko da. Euroguneak agur esango dio 2010. urtean hasitako erreskateen aroari. Euroa bera zalantza. jarri zuen krisia gainditutzat jotzeko aukera izango dute, azkenik, Europako mandatariek, baina mailegua jaso zuten herrialdeei luze joango zaie ajea: dirua bueltatzeko prozedura hasi besterik ez da egin.

Portugalek, Irlandak eta Ziprek erreskate osoa jaso zuten, eta Espainiak banku sistema garbitzeko programa finantzatu zuen. Herrialde bakoitzak bere akordioa sinatu zuen, eta, hortaz, baldintza eta egutegi ezberdinak dituzte. Krisian sakondu ahala, gainera, berrikusi ziren ordainketa egutegiak. Denen aurrekontuak ikuskatuko dituzte kreditu emaileek, hartutako maileguen %75 bueltatu arte gutxienez.

Irlandak izan zuen bigarren erreskatea, 2010. urteko abenduan. Herrialdeak 85.000 milioi jaso zituen. Berezitasunetako bat da Irlandak berak parte esanguratsu bat jarri zuela. Eurogunetik kanpoko alde biko maileguak ere jaso zituen: Erresuma Batutik, Danimarkatik eta Suediatik.

NDFk jarritako partea bueltatu du dagoeneko Dublinek. EFSM eta EFSF erreskate funtsetatik 43.800 milioi ditu bueltatzeko, eta Erresuma Batuak emandako kreditua. Maileguen epemugari dagokionez, 2042. urtean bukatu du kredituak ordaintzen.

Erreskateak hitzartu zirenean, zorra bueltatzeaa arintzeko aukera batzuk baimendu zitzaizkien Irlandari eta Portugali. Nagusiena da 2026. urtera arte zituzten ordainketak atzeratzeko aukera. EBk mailegu horiek birfinantzatuko ditu urtero, eta aurrerago bueltatuko dute dirua bi herrialdeek. Horri esker, kredituen epemuga luzatuko zaie. Irlandari dagoeneko 8.400 milioi birfinantzatu zaizkio, eta Portugali 4.750 milioi. Heldu den urrian beste 1.100 milioi birfinantzatzeko aukera izango dute.

Portugalek hiru urteko laguntza programa sinatu zuen 2011n kreditu emaileekin, eta 76.000 milioi eskuratu zituen finantzaketa beharrak estaltzeko. NDFtik jaso zuen diru gehiena bueltatu du jada, eta 2026an hasiko da EBko bazkideek emandakoa ordaintzen. Aurreratzen ez badu, 2040. urtean amaituko du kreditu guztiak itzultzen.

Espainiak hitzartu zuen erreskateak bestelako ezaugarri batzuk izan zituen. Diruari erabilera zehatza eman zitzaion: finantza sistema garbitzea, Bankiaren erorketari jarraituz. ESM erreskate funts iraunkorrak osorik bere gain hartutako lehen programa izan zen, halaber. 100.000 milioi euro arteko ildo kredituna onartu zitzaion, baina 41.000 milioi baino ez zituen erabili. 2022a arte ez zuen ezer ordaindu behar, baina maileguen %35 kitatu ditu, aldez aurretik pagatuta.

Erreskaterik txikiena Ziprek jaso zuen. 7.000 milioi pasatxo eskuratu zituen, 2013an. Dena ondo bidean, zor guztiak kitatuko ditu 2031. urterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.