Anoeta berria, gertuago

Hiru hilabete barru hasiko dituzte estadio berriaren lanak, eta 2019an amaituko. Lanen garapenak ez du oztopatuko zelaiaren jarduera
Epeak betez gero, Anoeta futbol zelaiak 2019ko abuztuan izango lukeen irudia, maketa batean.
Epeak betez gero, Anoeta futbol zelaiak 2019ko abuztuan izango lukeen irudia, maketa batean. BERRIA

Jon Eskudero -

2016ko abenduak 14
Anoeta berrian abiatuko du Realak 2019-2020ko denboraldia. Estadioa berritzeko obraren baimena atzo onartu zuen Donostiako Udaleko gobernu batzordeak. Hasi beharreko lanak adjudikatu ahal izateko bete beharreko tramitea zen, eta, hala, datorren urteko martxoan hasiko dituzte obrak. Lehenbizi, kanpoko egokitze lanak egingo dituzte, derrigorrezkoak baitira gainerako lanak egiteko. Hortik aurrera, urratsez urrats, gainerako guztiak egingo lituzkete, eta 2019ko abuztuan lanak amaituta izatea aurreikusten dute. Estadio berriak 42.000 eserleku izango ditu, gaur egun baino 10.000 gehiago, eta alboko estadio txikia eta Anoeta ingurua ere berrituko dituzte.

Eneko Goia Donostiako alkateak atzo adierazi zuenez, «norabide egokian» ari dira pausoak ematen, eta aurreikuspenak betetzea espero dute: «Udalean adostasun osoa daukagu alderdien artean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin bat eginda gaude. Horrek bidea erraztuko digu». Gauzak hala, hiriburuarentzat «hain garrantzitsu» izango den proiektua «gertu» dagoela uste du. «Estadio modernoa eta erabat gaurkotua izango dugu, eta haren ingurua ere ez da atzera geratuko. Estadio berriarekin Donostiak irabaziko du».

Horrenbestez, hiru hilabete barru hasiko dituzte lanak estadioaren kanpoaldean, eta 2019ko abuzturako amaitua izatea aurreikusten dute. Lanek irauten duten artean Realak ez du beste zelai batean jokatu beharrik izango. «Liga jokoan dagoen garaian lanak etetea zen lehen aurreikusten genuena. Horren eraginez, lanak beste hiru urtez luzatu beharko genituzkeen, halabeharrez. Baina orain ikusi dugu beste era batera egin dezakegula, eta, printzipioz, Reala Anoetatik mugitu gabe».

Une kritikoa, zelai jaitsiera

Kanpoaldeko lanak amaitu ondoren, hegoaldeko harmaila eraitsi eta berria egingo dute, eta, ondoren, futbol zelaia jaitsiko dute. Hain zuzen, Goiaren esanetan, hori izango da unerik kritikoena. «Realak kanpora irten beharko balu, San Mamesera joan gaitezke, edota Sadarrera». Lan horiek amaitzean, iparraldeko harmaila eraitsiko dute, berria egiteko. Hala, 2019an estadio berria amaituta egongo da.

Ondo bidean, hurrengo astean Anoeta Kiroldegiaren administrazio kontseiluak eztabaidatuko ditu proiektu osoaren onarpena eta zatitzea, sortaren kontratazioaren onarpena, eta obra zuzendaritzaren laguntza teknikoaren adjudikazioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna