Osasunak sendo jarraitu nahi du ligan, Vila-realen gutxienez puntu bat urratuta

enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Kopatik kanpo gelditu ostean, ligan buru-belarri aritzeko garaia heldu zaio Osasunari. Distira apur bat galdu du ligan, baina emaitza txukunak lortzen ari da oraindik ere. 2020an jokatutako lehen hiru lehiei erreparatuta, berdindu egin zuen Celtaren eta Valladoliden aurka, eta, azken jardunaldian, merezita irabazi zion Levanteri Sadarren. Gauzak hala, bide onari eusten saiatuko da gaur Nafarroako taldea, Vila-realen (Herrialde Katalanak). Garaipena izango du helburu, baina berdinketa ere ez litzateke sari makala izango.

Chimy Avilak min hartu osteko ligako lehen partida izango da. Enric Gallego fitxatu dute argentinarraren hutsunea betetzeko, eta Jose Arnaiz hegalekoa ere bereganatu dute. Deialdian dira biak, baina goizegi dirudi hasieratik joka dezaten. Zerrendatik kanpo gelditu direnen artean, min hartuta daude Avila, Oier, Ruben Martinez eta Kike Barja —apendizitis ebakuntza egin berri diote—. Darko Brasanac, berriz, zigortuta dago; eta Lato, Navas eta Villar ere etxean gelditu dira, arrazoi teknikoak direla medio. Bestalde, osatu egin da Fran Merida, eta deialdian dago berriro; ordea, itxura guztien arabera, Iñigo Perezek jokatuko du Moncayolaren ondoan.

Osasuna 2-1 gailendu zitzaion Vila-reali lehen itzuliko neurketan. Haatik, orduan baino egokiera hobean da orain Javier Callejaren taldea: azken bost lehietatik lau irabazi ditu. Kalitate handia du erasoan; areago orain, Paco Alcacer fitxatu ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.