Amos Oz

Gatazkari lotutako hitzak

Bere obretan, Israelgo gizartearen arazoak eta tentsioak agertu izan zituen, eta bere herrialdeko idazle nabarmenetako bat bilakatu zen. 79 urterekin hil da, dozenaka liburu eta ehunka artikulu idatzita.

ABIR SULTAN / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Israel kritikatzen dut, eta ez naiz antisemita». Amos Oz idazleak 2015ean egunkari bati emandako elkarrizketaren titulua da. Ez zen halakorik azaldu behar izan zuen lehen aldia, ez eta azkena ere ziurrenik. Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren harira plazaratutako iritziengatik —okupazioaren aurka azaldu izan zen—, txaloak ez ezik askotariko kritikak ere jaso izan zituen: ekidistantziaz mintzatzea egotzi izan zioten hainbatek, eta traidoretzat hartu beste hainbatek. Edonola ere, Israelgo gizartearen gatazkak eta tentsioak agertu zituen idazleak bere idatzietan ibilbide osoan. Atzo hil zen Amos Oz, 79 urterekin, minbiziaren ondorioz. Fania Oz-Salzberger alabak eman zuen haren heriotzaren berri, honako mezu hau gehituta: «Maite izan zenuten guztiei, eskerrik asko».

Sortzez Amos Klausner zuen izena, eta 1939ko maiatzaren 4an jaio zen, Jerusalemen, artean hiria Erresuma Batuaren menpe zegoela. Jatorri lituaniar eta ukrainarreko etorkin juduak zituen gurasoak, eta, bereziki erlijiozaleak izan ez arren, semea ikastetxe erlijioso batera eraman zuten. Amosek 12 urte zituela, haren amak bere buruaz beste egin zuen. Handik gutxira, sionismo laboristara gerturatu zen. 15 urterekin, familiarengandik aldendu, aitaren abizena utzi, Oz deitura hartu, eta kibbutz batera —nekazaritza etxalde kolektibo batera— joan zen bizitzera.

Soldaduska amaitzean, kibbutzetik Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearrera bidali zuten. Filosofia eta Literatura ikasketak egin zituen han; 1963. urtean atera zuen gradua, eta filosofia eta literatura irakasle hasi zen lanean. Ordurako, Nily Zuckermanekin ezkondua zen; hiru seme-alaba izan zituzten. Familia 1986. urtera arte bizi izan zen kibbutzean, harik eta, semeetako baten osasun arazoen ondorioz, Aradera lekualdatu ziren arte. Urtetan Be'er Shevako Ben-Gurion Unibertsitatean irakasle jardun zuen Ozek.

Lehen idatziak kibbutzeko egunkarian argitaratu zituen. Lehen liburua, berriz, 1965. urtean: Txakalek ulu dagiten tokia lanean, kontakizun laburrak bildu zituen. Hurrengo urtean kaleratu zuen lehen nobela, Beste nonahi, menturaz. Eta, haren ondotik, beste 30 bat liburu iritsiko ziren, tartean nobelak, narrazio liburuak, saiakerak eta artikulu bildumak. Horien artean daude, besteak beste, bere herrialdean lehenik eta atzerrian gero sona ekarri zioten Ene Michael (1968), Bake perfektu bat (1982) eta Kutxa beltza (1987) eleberriak. Azken horren pasarte batzuk dira euskaraz irakurgai dauden bakarrak, Miel A. Elustondok 2013an itzuliak,Armiarma.eus-entzat. Donostia 2016 kultur hiriburutzaren Txekhov vs Shakespeare proiektuaren harira plazaratutako liburuxketan ere —gatazkak hizpide hartuta, idazleen arteko gutun trukeak jasotzen zituzten—, euskaraz irakur daiteke haren hitzaurrea.

Nazioartean bereziki ezagun egin zen Amodio eta iluntasun istorio bat (2002) eleberri autobiografikoagatik. Haren lanak 45 hizkuntzatara itzuli zituzten, eta dozenaka aitortza ekarri zizkioten, tartean Israelgo Literatura saria 1998an eta Goethe saria 2005ean.

Artikulugintzan, oparo

Bere liburuek inguratzen zuten gizarteaz eta bere gatazkez hitz egiteko balio izan zioten Ozi. Baina fikziozko lanetan ez ezik, saiakeretan ere agertu zituen bere kezka eta iritziak, baita bere ibilbide osoan bai prentsa lokalean eta bai nazioarteko komunikabideetan idatzi zituen ehunka artikuluetan ere, esparru horretan ere jardun oparoa izan baitzuen. Israelgo Armadarekin Sei Eguneko Gerran (1967) parte hartu ondotik, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari irtenbidea emateko bi estatu sortzea proposatu zuen 1967an bertan, artikulu baten bidez. Yom Kipur gerran (1973) parte hartu ondotik, 1978an, Shalom Ajshav (Bakea Orain) mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Maiz altxatu zuen ahotsa bere testuetan: ezker ez-sionistaren aurka, Gazaren aurkako bonbardaketen kontra... Eta askotariko iritziak sorrarazi zituen.

Bere azken eleberriaren harira —Judas (2014)— egin zioten elkarrizketa batean, traidoretzat hartua izateaz mintzatu zen idazlea: «Nobela hau idatzi dut askotan deitu izan nautelako traidore. Lehen aldiz, 8 urte nituela, Jerusalemen; lagunek traidoretzat jo ninduten soldadu ingeles batekin hitz egiteagatik [...]. Traidore esan zidaten azken aldia 2014ko udan izan zen, kritikatu nuelako Israelek nola jardun zuen Gazan Hamasen kontrako gerran. Batzuetan, traidore bat bere garaia baino aurreraxeago dabilen norbait da. Inoiz aldatzen ez direnen begietara aldatzen den norbait. (...) Batzuetan, ohorezko titulu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.