Jabega eta Trigueros izan dira azkarrenak

Bilbo eta Gasteiz arteko BUTSeko proba irabazi dute. Arkaitz Galindez eta Alyssa Godesky izan dira bigarren

Silvia Trigueros Gasteizko helmugara iritsi zeneko irudi bat. BUTS.
Unai Ugartemendia.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bata oso ezaguna da Euskal Herrian: Silvia Trigueros. Bestea, berriz, oso ezezaguna: Angel Jabega. Triguerosek garaipen garrantzitsuak lortu ditu bai Euskal Herrian, bai atzerrian; Jabegak, berriz, oraindik ere ez zuen garaipenik eskuratu Euskal Herrian. Biak izan ziren garaile ostiraletik larunbatera jokatu zen BUTS Basque Ultra Trail Serieseko bigarren aldiaren lehen etapan, Bilbotik Gasteizera. Orain bi urte, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotu zituzten lau lasterketaren bidez; aurten, ordea, Bilbotik Gasteizera egindakoa izango da bakarra. 2020an Gasteiztik Iruñera egingo dute; 2021ean, Iruñetik Donostiara; eta 2022an, Donostiatik Bilbora.

Lasterketak 200 korrikalari inguru izan zituen Bilboko irteeran, ibilbidearen 108 kilometroei eta 6.000 metroko desnibel positiboari aurre egiteko. Tartean, Ganekogorta (999 metro), Austigarmin (1.087 metro), Gorbeia (1.482 metro) eta Zaldiaran (978 metro) mendiak igo zituzten. Irteeran, korrikalarien artean zeuden, irabazleez gain, ultratrailetako Euskal Herriko izen ezagunak: Imanol Aleson, Jon Erdaide, Arkaitz Galindez, Agurtzane Argiarro eta Joxelu Albizuri korrikalari beteranoa.

Eguraldia lagun, ikusmina sortu zen Bilboko irteeran. Irten zirenetatik 154 korrikalarik zeharkatu zuten Gasteizko helmuga, 145 gizonek eta 9 emakumek.

Angel Jabega Oviedon (Asturias, Espainia) bizi den madrildarra izan zen azkarrena Gasteizko kaleetan. Lasterketaren aurretik ez zen faboritoetako bat, baina, lasterketa bikaina egin eta gero, hura izan zen garailea. 12 ordu eta 53 minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta atzetik izan zituen Euskal Herriko bi korrikalari: Arkaitz Galindez markinarra (13.13) eta Ibon Hurtado bilbotarra (13.23).

Trigueros, nagusi

Emakumeetan, Silvia Trigueros abadiñarra zen faborito argia lasterketa irabazteko, eta ez zuen hutsik egin. Orain bi urte zirkuitua irabazita zegoen, eta gutxik bezala ezagutzen zuen ibilbidea. Ez zuen aurkaririk izan ibilbide guztian. Helmugan bigarrenari 35 minuturen tartea atera bazion ere, garaipena ez zuen arriskuan ikusi. Triguerosek 15 ordu eta 10 minutu behar izan zituen Bilbo eta Gasteiz arteko ibilbidea egiteko.

Alyssa Godesky triatleta amerikarra izan zen lasterketako izarretako bat. Distantzia luzeetara ohituta dagoen arren, ez zen Trigueros gailentzeko gai izan. Bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen azkenean (15.45). Jean Brown izan zen hirugarren (16.24).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.