Desterruaz mintzo

Rencontres sur les Docks jaialdia abiatuko du gaur Baionako Atalantek. Andrea Segreren 'L'ordine delle cose' dute lehen filma

Maryam Touzani aktore eta idazlea Baionan izango da Razzia aurkezten. RENCONTRES SUR LE DOCKS.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Mundua bizi. Mundua bizi Marokon, Italian, Libanon, Siberian edo Camargan. Mundua bizi botereguneetatik, menpekotasunetik, sustraiturik, erbestean, emazte gisa, gizon gisa. Galdera zabala, Rencontres sur les Docks Baionako jaialdiak aukeratu duena bere 14. ekitaldirako.Gaur hasi eta larunbatera arte iraganen da jaialdia Atalante zinema gelan.

Dokumentaletan oinarritzen da jaialdia. Baina fikzioek ere ukanen dute beren tartea. Atalanteko zuzendari Sylvie Larroqueren hitzen haritik, «egia oihukatzen duten fikzioak» izanen dira jaialdian. Kasu horretan da Andrea Segreren L'ordine delle cose filma. Gaur emango dute, 21:00etan, gidoiaren idazketan parte hartu duen Marco Pettenelloren parte hartzearekin. Libiara bidaltzen duten polizia italiar bat du filmak protagonista nagusia. Etorkinak Afrikan atxikitzeko negoziatzeko du bidaltzen gobernuak. Errefuxiatuei begira Europak daraman politika bere begietatik ikusiko du horrela. Veneziako zinema jaialdiaren Sail Ofizialean eman zuten filma.

Gaurko gaualdian Medz Bazar musika kolektiboak kontzertua eskainiko du. Aurtengo jaialdiko kontzertu bakarrenetako bat izanen da hau. Usaian baino zuzeneko gutxiago baitu jaialdiak.

Filmen aldetik bada, halere, zer ikusi. Erbesteaz mintzo den beste film bat aipatzearren, Ziad Kalthoum egilearen Taste of cement dokumentala dago, larunbatean emango dutena (18:00). Beiruten eraikuntzan lan egiten duten siriar errefuxiatuak ditu oinarri. Libanon eraikitzen, beren etxeak suntsitzen dituzten bitartean. Eta baldintza berezietan. Langile siriarrek kanpoan egoteko debekua baitaukate 19:00etatik aitzina Beiruten. Dokumentalak saiakera berezi baten itxura hartzen du. Nazioarteko jaialdi andana batean saritu dute lana.

Libanotik Marokora. Razzia Nabil Ayouchen filmaren aitzin aurkezpena eginen dute larunbatean, 21:00etan. Bertan izanen da Ayouch bera eta baita aktore lanetan eta gidoia idazten aritu den Maryam Touzani ere. Filmean Casablancan (Maroko) bizi diren bost pertsona ageri dira. Herriko politikaren eta egoera sozialaren arrakaletan sartzen diren bost istorio. Dela emazteen egoeraz, dela amazigeraren irakaskuntzaz. Ayouch ezagun egin zen bere aitzineko fikzioagatik bereziki: Much Loved filma, non Marrakexeko hiru prostitutaren potreta eskaintzen zuen.

Dominique Marchaisek Nul homme n'est une île dokumentala ekarriko du jaialdira —ostiralean, 19:00etan, Marchais bertan dela—. John Donne poetaren No Man is an Island bere eginez, Alpeetatik Mediterraneora, laborari, hautetsi, artisau edo arkitekto, bakoitzak bere bizitokia nola biziduen gogoetatzen du. Hausnarketa hori partekatzen du filmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.