Eserleku kopurutik haratago

Argentinako diputatuen erdiak eta senatarien herenak berrituko dituzte biharko bozetan. Macriren alderdia da faborito inkestetan, eta, bozen osterako, doitze plan bat iragarri du

Santiago Maldonadoren desagerketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten asteazkenean Buenos Airesen. DAVID FERNANDEZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Argentinan, kongresua nola osatu erabakitzeko bozkatuko dute bihar, baina eserlekuen kopuru hutsa baino askoz gehiago dago jokoan —127 Diputatuen Ganberan (erdiak) eta 24 Senatuan (heren bat)—; izan ere, hauteskunde horiek alde handiz irabaziz gero

—zenbait inkestak iragarri bezala—, gaur egungo gobernuak bidea zabal-zabalik izango luke neurri asko ezartzeko. Urrutira joan gabe, Mauricio Macrik eta haren taldeak kanpaina bete-betean dela iragarri dute hauteskundeen ondoren doitze plan bat jarriko dutela martxan, eta, hala eta guztiz ere, aurrean ageri dira ia zundaketa guztietan. Oposizioak ezin izan du balantza bere aldera makurrarazi, nahiz eta ziurtzat jotzen den haren buruzagiak, Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohiak, senatari eserlekua eskuratuko duela Buenos Airesen —jarrera bereko Esteban Bullrich lehen hautagai ofizialistaren paretsu kokatua dago—.

Nahiz eta bazirudien herentziaren diskurtsoa iraungita zegoela —Cambiemosen gobernuak horri esker irabazi zituen 2015eko abenduko bozak—, kirchnerismo/populismo latinoamerikarraren mamua nabarmendu baino ez dute egiten ofizialismoaren diskurtsoek. Gobernuak herentzian jasotako hondamendia izugarria delako usteak eta, beraz, herrialdea berregiteak ezinago luze joko duelako usteak, hain zuzen, oraindik ere tarte bat lagatzen du onarpen handirik izan ez baina behar diren neurriak hartzeko, kudeaketa «berriaren» arabera. Kirchneristen hamabi urteko aldiaren ondoren, joera dago denbora tarteak erlatibizatzeko, eta gizartearen gehiengo handi batek kaosa konpontzeko neurri ezinbestekotzat jotzen ditu, besteak beste, tarifak nabarmen igotzea, kaleratzeak egitea, atzerriko merkatuetara irekitzea —horrek produkzio nazionalari eragingo lioke—, inflazioa izatea eta atzerriarekiko zorpetzea.

Bestalde, hedabide nagusien inguruko hesi mediatiko sendo batek diskurtso bat bakarra lantzen du, non gobernuko talde nagusiek bakarrik baitute tokia. Halaxe gertatzen da, egunero-egunero, eta horrek are nabarmenago uzten du espazio kritikorik eza. Gobernuak horixe bera aurpegiratu zion aspergabe kirchnerismoari 2015eko kanpainan.

Maldonadoren kasua

Santiago Maldonado 28 urteko artisauaren kasua izan da kanpaina baldintzatu duen beste auzia. Bihotza kolkoan duela jarri du Argentinako gizartea duela bi hilabetetik baino gehiagotik, baina ez dirudi kalte handirik ekarri dionik gobernuaren irudiari; ez, behintzat, emaitzak aldatzeko lain. Joan den asteartean agertu zen Maldonado, hilotz, izoztuta, Argentina hegoaldeko ibai batean. 80 egun egin ditu desagertuta.

Gobernua hasiera-hasieratik ahalegindu zen erantzukizun horretatik aske uzten Jendarmeria. Izan ere, Maldonado desagertu zen egunean, komunitate maputxea protesta ekintza bat egiten ari zen, eta jendarmeak haien aurka oldartu ziren. Harrezkero ez da gaztearen berririk izan. Denetariko kanpainak ongarritu zituen maputxeen komunitatea eta haien eskakizunak difamatzeko, eta Maldonado desagertu zeneko eremutik kanpo agerrarazten zuten bertsioak zabaltzeko; baina, gaur-gaurkoz, epaile baten aldaketa dela bitarteko, ezinezkoa da kasua segurtasun indar horietatik bereiztea, nahiz eta ezin den zehaztu horrek zenbaterainoko pisua izango duen botoa erabakitzeko orduan.

Senideek herenegun esan zuten Maldonadorena zela asteartean Chubut ibaian aurkitutako gorpua; auzi medikuek atzo baieztatu zuten eta atzo jakinarazi zituzten autopsiaren lehen emaitzak. «Zalantzan» jarri dute Maldonado jendarmeen kolpeek hil zutela dioen hipotesia. German Garavano Justizia ministroaren esanetan, gorpuak ez du kolpe zantzurik. Itota hil zen ustea da orain indarra hartu duena, baina ministroak ez du beste hipotesirik baztertu. Beste aste bi beharko dira autopsiaren behin betiko emaitzak ezagutzeko.

Edonola ere, Macrik eta haren funtzionarioek ez dute agertu inolako interesik —mespretxuz jokatu dutela ez esatearren— diktaduraren amaiera aldetik baliatu izan diren giza eskubideen politiken inguruan, baina kontu hori ezinago garesti irteten ari zaio gizarteari, eta, halako testuinguru batean, zaila da zehaztea zer ondorio erakar ditzakeen.

Kanpainan zalaparta eragin dute, hala ere, hainbat politikariren adierazpenek. Buenos Airesko Hiri Autonomorako hautagai ofizialistak, Elisa Carriok —botoen %50tik gorako emaitzak espero ditu— purrustadaka ibiltzeko joera du, eta salaketa sistematikoak egitekoa frogarik gabe; baina horrek, antza denez, ez die kalterako eragiten haren hautesleei. Asteazkenean, esaterako, telebistako saio batean parte hartu zuen, eta burlaizez mintzatu zen Maldonadoren gorpua agertu zenean; barrezka, esan zuen Walt Disneyren berdin-berdina zela. Carrioren adierazpenek izan zuten oihartzunaren eraginez, aholkulariek bertan behera utzarazi zizkioten handik igandera bitarte ematekoak zituen elkarrizketa guztiak, eta desagertuaren familiari Twitter bidez barkamena eskatzera ere behartu zuten.

Gobernuak berak telefono bidezko inkesta bat egin zuen asteazkenean, gorpua azaldu eta hurrengo egunean, herritarren boto asmoan izan zezakeen eragina neurtzeko.

Hauteskunde zundaketak

Ikusteko dago eragina izango duen horrek botoetan. Orain arte, boto asmoa baino ez da jakinekoa, zeina ez baita horixe besterik: proiekzio moduko bat. Emaitza boz primarioetakoen hurbilekoa da: Kirchnerrek orduan lorturiko garaipena desitxuratu egin zuten hala ofizialismoak nola hedabide nagusiek. Boz primarioetako botoak kontatzen ari zirela, ofizialismoa bere garaipena ospatzera irten zen, okasiorako aurreikusia zuten agertokian, eta, aldi berean, kontaketa geldiarazi zuen, kirchnerismoak ustez boto uztarik handiena bilduko zuen mahaietan kontatzeari ekin ziotenean. Horrek aukera eman zien emaitza partzial bat ospatzeko, eta biharamunean porrota onartzera irteteko, Cambiemosen garaipena nabarmentzen hasi berriak zirelarik egunkarietako azal nagusietan. Azkenean, presidente ohiak botoen %34,27 lortu zituen, eta Hezkuntzako ministro ohi Esteban Bullrichek, berriz, botoen %34,06; alegia, %0,21en aldearekin gailendu zen. Horrek, halaber, aditzera ematen du zer den Argentinan arrakala esaten dioten hori, kirchneristak eta kirchneristen kontrakoak aurrez aurre jartzen dituen arrakala. Polarizazio horren eraginez, bestelako indar erlazio batean daude eragile horiek berak. 2015eko presidentetzarako bozetan, berrikuntza gisa aurkeztu zuten eskuina boterean izatea, eta CEO edo zuzendari exekutiboak gobernuko postu nagusietan; oraingo hauetan, berriz, inkesta gehientsuenek adierazten dutena berretsiz gero, esan liteke sendotzen hasiak direla haien politika liberalak, Argentinan ez ezik baita ia Latinoamerika osoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.