Osasunak bolada txarra eten nahi du, Sadarren Elxi irabazita

Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Sevilla, Reala eta Atletico Madril talde indartsuen aurka galdu eta gero, Osasunak Elxen aurkako partida baliatu nahi du garaipenaren bidera itzultzeko. Herrialde Katalanetako talde hori jaitsiera postuetan dago —18.a da sailkapenean—, eta azken sei partidetan ez du irabazi. Hargatik, gorritxoek bihar Sadarren jokatuko duten partida (21:00, Movistar) gako izan daiteke onbidera itzultzeko.

Uste hori du Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak ere: «Hiru jarraian galdu ditugu, eta eten egin behar dugu bolada hori. Garaipen batekin lortzea espero dugu, eta horretan saiatuko gara. Partida garrantzitsua da, jaitsieraren muga ezartzen duen taldearen aurka, eta uste dut joera bat iragar dezakeen neurketa izango dela».

Lehen sailkatuen aurka pilatutako porrotei iraulia eman nahi die Osasunak, eta Sadarren egindakoak hobetzea du xede. Arrasateren esanetan: «Etxean ariko gara berriz ere; han ez ditugu emaitza onak lortu, eta hobetu beharra daukagu».

Azkenaldiko hutsuneez gain, biharko norgehiagokan Lucas Torroren hutsunea izango du Berriatuko teknikariak. Jokalari gorritxoak bosgarren txartela ikusi zuen aurreko partidan, eta zigortuta dago.

Bigarren Maila gaur eta bihar

Osasuna nola, bihar ariko da Bigarren Mailako euskal talderik onena ere. Eibarrek Girona hartuko du Ipuruan (21:15). Armaginak bigarren daude ligako sailkapenean, eta goiko postuetan segitzea dute xede.

Aldiz, suspertzeko asmotan ariko dira Amorebieta eta Reala B.Zornotzarrek Zaragoza hartuko dute Lezaman (16:15), eta txuri-urdinen taldeak Teneriferi egingo dio bisita.

Orain baino garai hobeak izandako taldeak diren arren, Zaragoza eta Tenerife hezur gogorrak izango dira Amorebieta eta Reala B igo berrientzat. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak jaitsiera postuetan daude gaur-gaurkoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.