KRITIKA. Musika

Ezpalik gabe

2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: F. Schuberten 2. (D125) eta 8. (D759) sinfoniak.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 29.

Euskadiko Orkestrak bere denboraldiari hasiera emateko antolatu duen schubertiada propioak beste lau sinfonia ekarri zituen Donostiako Kursaalera. Lehen saioan 2. eta 8. sinfoniak izan ziren entzungai, eta bigarrenean, berriz, 3. eta 9. sinfoniak.

Sormenak gainezka egiten zion Schuberti 2. Sinfonia (D125) idatzi zuen garaian, 18 urte baino ez zituela: haren sen erromantikoa izaki, hainbat poetaren testuetan oinarritutako obra ugari konposatu zituen —haien artean, Gretchen am Spinnrade entzutetsua—, eta egunean 65 konpas berri idatzi omen zituen batez beste, horietatik erdiak orkestrarako. Robert Treviñok arnasaz betetako partitura aurkeztu zuen, entzulearen bizipena zikindu dezaketen ezpalak leunduta. Hariek lan ederra egin zuten lehen mugimenduaren apaingarriak gehiegikeriarik gabe zabalduz. Flautaren fraseatze lasaiak Andante-a jaso zuen, eta hirugarren mugimenduaren trioa barea eta orekatua agertu zen.

Erdizka utzitako obrak erromantizismoaren espirituaren aztarna baldin badira, gorena jo zuen Schubertek bere 8. Sinfonia (D759) edo Bukatu gabea delakoarekin —eta ez Amaigabea, Kursaaleko azpitituluek zioten bezala—. Soilik bi mugimendu biltzen dituen eskuizkribua berrogei urtez gorde zuen Anselm Huttenbrennerrek, 1865. urtean lehen aldiz publikoki eman baino lehen. Hartan, Eduard Hanslick kritikariak adierazi zuen konpas gutxiren buruan haur guztiek antzeman zezaketela konpositorea zein zen. Gai luzeek eta tremoloak gidatzen duten Allegro moderato-an orkestrak tentsioa eta bizitasuna batu zituen, nahiz eta erritmo sinkopatuan tarteka doitasun falta sumatu zen. Bigarren Andante con moto-an, gaien eta melodien garapen sakona izan zen nagusi, dinamiketan oparo baina zuhur, eta oboe eta klarinetearen parte hartze nabarmenarekin.

Sifiliak eragindako heriotza goiztiarrak betirako ezabatu zuen Schubertek bizi zen bitartean merezi zuen onarpena izateko aukera. Oztopoak oztopo, zorionez, denborak eta Euskadiko Orkestrarena bezalako ekinaldiek orekatu dute gabezia hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.