Askotariko proposamenak Erriberriko 22. Antzerki Jaialdiaren egitarauan

Uztailaren 16tik abuztuaren 1era egingo dute festibala, 'Arimaren bideetan zehar' lelopean. Talde nafarrek 11 emanaldi izango dituzte

Jaialdiaren aurkezpena, atzo, Iruñeko Baluarte jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA.
Ane Eslava.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Aurten ere Erriberri (Nafarroa) antzerkiaren egoitza bihurtuko da udako hainbat egunetan. Uztailaren 16tik abuztuaren 1era egingo dute Erriberriko 22. Antzerki Jaialdia, diziplina anitzeko programazioarekin. Nafarroako hainbat konpainia eta Espainiako eszenako ibilbide nabarmeneko beste batzuk izango dira, eta musika, poesia, antzerkia eta dantza uztartuko dituzte, Arimaren bideetan zehar lelopean. Sarrerak ekainean jarriko dituzte salgai.

Egitarauan Federico Garcia Lorca, William Shakespeare eta Leon Feliperen gisako klasikoak daude, bai eta Raymond Carverren gisako egile garaikideak ere. Nafarroako antzerki konpainien 11 emanaldi daude programatuak; horietako bost Erriberriko jauregiko La Cava agertokian taularatuko dituzte: Amico Teatroren Tránsitos (Trantsitoak), El Sol de York-en Chicos y chicas (Mutilak eta neskak), Iluna Produkzioen Vencidos (Garaituak), La Caja Flotanteren Beautiful Stranger (Ezezagun ederra) eta The Lyrical View-ren Oinak Lurrean.

Antzerki Poetika zikloan parte hartzeko aukeratutako Nafarroako konpainiak dira: Inextremis, Superhombre (Supergizona) lanarekin; Cardo Films, Viaje a pie-rekin (Bidaia oinez); Tdiferencia, Adrenalina, feniletilamina, oxitocina y otras hormonas-ekin (Adrenalina, feniletilamina, oxitozina eta beste hormona batzuk), eta La Cuerda Teatro, Vacío-rekin (Hutsa). Jaialdiak eskaintzen duen egonaldian, berriz, La Banda antzerki eta zirku taldeak parte hartuko du, eta Devenires (Bilakaerak) proiektua garatuko du. Juan Carlos Rubio da aurtengo zuzendari gonbidatua; La isla (Irla) obra aurkeztuko du, eta dramaturgia tailer bat eskainiko du.

Urtero bezala, oholtza nagusia La Cava izango da, eta ohiko egoitzei —Erriberriko Teobaldoen plazari eta kultur etxeari, eta Tafallako kultur etxeari—, Beireko Ezpeleta jauregia batuko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.