Literatura. 'Isiltasunaz hunatago'

Oinak lurrean, begirada zerumugan

Idazlea: Jose Angel Irigarai. Argitaletxea: Pamiela.

Irati Majuelo.
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Eguna iragan ahala argiaren kolorea, intentsitatea, beroa aldatzen doan eran, hala antzaldatzen da Irigarairen poesia bere azken liburuan, argisentitik ilunabarrera bizitza oso bat igaro baitaiteke zenbaitetan. Goizalbako izpi grisekin egiten du lehen hitzordua munduarekin, haur xaloak abiatzen du bide ezezaguna; eguzkia gordetzean egiten du bat isiltasunaren mugako desertuarekin, behinolako umea jada arrotz zaiolarik. Tartean, mundu intimo zein kolektiboari behatzeko lurrak eta mugarriak, bidaiak eta antzezlekuak, idazle ezagunak eta ahanzturan geraturiko izenak. Bide luzekoa da poema-bilduma hau, gorabeheratsua eta intuitiboa, azken hamabost urteetan, isiltasunean baino, isiltasunaz hunatago ibili baita iruindarra arakatzen, hitzen argi-itzalak bilatzen, iragaitza, balizkoa eta izendaezina hitzendatzen saiatzen.

Hari fin bat dago poema guztiak lotzen dituena, izan bata bestearen luzapen posiblea delako, izan erreferentziak konpartitzen dituztelako edota halako giro etereo batek biltzen dituelako. Bidaia gidatzen duen begirada da lokarri hori, bildumaren hasieran zein amaieran nabarmentzen dena batik bat, egunsenti eta iluntzeak garbitasuna emanez poetaren behakoari, eta liburuaren erdialdean nahasiago bilakatzen dena kontrara, prosazko poemetan bereziki. Halakoetan, gehiegizko erreferentzialtasunak galtzen du poemari soiltasunak ematen dion indarra, gainerako ataletan Irigarairen bereizgarri dena. Izan ere, interesgarria da berez guztia agerian uzten ez duten poemek iradokitzen dutena, erakusleiho-garai honi aurka eginez, baina sinbolismo antzurik gabe, hitzen artean arakatzeko gogoa pizten dutenean bertso-lerroek, esanahiaren ulermen propioa lantzearen plazera eskaintzen dutenean.

Naturak ematen die lasaitasuna eta oinarria poema askori, gizakiak mundu abstraktuan hegaldatzeko duen joerari hegoak moztuz, poesia lurtarrago baten mesedetan: «Badenekoa taigabe garatzen da/ lurrunduz doa airean balizkoa». Hortaz, giro idiliko bat sortzeko baino, bi oinak lurrean finkatzeko darabil Irigaraik natura, begirada zorutiar bat lantzeko, zerutiarra baino: «Ortziari begira/ inoiz baino gehiago sentitzen zara/ lurtar». Halaber, iragangaitza dena harrapatzeko ezintasuna nabarmentzen da, izadiaren indarra azpimarratzeaz batera: «Iragaitza zure egin eta/ hitz bilakatzeko afanean/ zenbait ele idatzi dituzu harean/ —zubi, aterbe, iskilu, mugarri...—/ itsasgorak ezabatuak dira ondotik».

Alabaina, intimismo filosofikotik haraindi, gizakiaren portaerei eta egungo munduari buruzko kezkak plazaratzen ditu poetak: bortxaren min ezin ekidina, lehengo eta oraingo erbesteratuak, gosetearen tragedia, emakumeen zapalkuntza... Iraultzari buruzko hausnarketak tartekatzen dira gaztaroko oroitzapenekin, baina betiere gizaldi honek bizi izan duen munduratzea agerian utziz: «Minez ereindakoak dira/odolez ongarrituak/ bizi zaituen mundua/sustengatzen duten habeak/ eusten dioten ihardunbideak,/ ez dela zure erru, diozu (...)». Eta hala ere, gogoeta, memoria, kritika eta sentsazio zurrunbilo horretatik bada artean-artean lotsati ageri den argi izpirik, azken batean, «hala ere, bizi-poza zenion/ inoiz ez dela berant/ kanpoan zain dagoela bizia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.